Biogipuzkoa Osasun Ikerketarako Institutuko Neuroimmunologia taldeko ikertzaileek ondorioztatu dutenez, kolesterolaren metabolismoa aldatuta dago esklerosi anizkoitzean, eta alterazio hori desberdina da sexuaren arabera. Lan honetan parte hartu dute, besteak beste, Laura Molesek, Rocio del Carmen Bravo-Mianak, Hirune Crespillo-Velascok, Tamara Castillo-Triviñok eta David Otaeguik, eta lan honen emaitzak Neurobiology of Disease nazioarteko aldizkari zientifikoan argitaratu dira.
Behaketa kliniko batean dago lan berri honen abiapuntua: sarritan, esklerosi anizkoitza (EA) duten pazienteetan kolesterol- eta triglizerido-maila handiak ikusten dira, eta, printzipioz, ez dira azaltzen dietaren edo bizimoduaren ondorioz. Behaketa hori bat datorrenez EAko metabolismo lipidikoaren aldaketa posible bati buruzko argitalpen zientifiko batzuk iradokitzen hasiak zirenarekin, zer gertatzen ari zen zehatzago ikertu zen. Hala, helburua izan zen aldaketa horiek hobeto ulertzea, gizonen eta emakumeen arteko balizko desberdintasunak identifikatzea eta gaixotasunaren biomarkatzaile iragarle gisa erabil zitezkeen aztertzea.
EA gaixotasun bat da, non immunitate-sistemak mielina kaltetzen duen, neuronak estaltzen dituen geruza isolatzailea. Mielina hori, hein handi batean, kolesterolez osatuta dago; beraz, ikertzaile-taldeak aztertu nahi izan zuen gaixotasunarekin lotuta egon ote zitekeen gorputzak kolesterola maneiatzeko duen moduarekin.
Horretarako, EA mota desberdinak dituzten pertsonen odola eta likido zefalorrakideoa aztertu zituzten, eta alderatu zuten beste gaixotasun neurologiko batzuk dituzten pertsonekin (mielinak eraginik ez duen pertsonekin). Kolesterola neurtzeaz gain, metabolismoan parte hartzen duten beste molekula batzuk ere neurtu zituzten, nola ekoizten eta erabiltzen den hobeto ulertzeko.
Emaitza beala, ikusi egin zuten EA zuten pertsonek kolesterol gehiago eta odoleko kolesterolaren sintesi-markatzaile gehiago zituztela. Garunean, ordea, kontrakoa gertatzen zen: likido zefalorrakideoaren kolesterol-mailak baxuagoak ziren. Kontuan izan behar da kolesterolak ezin duela zeharkatu hesi hematoentzefalikoa (nerbio-sistema zentrala eta odola bereizten dituen hesia) eta, beraz, erregulazioa desberdina dela nerbio-sistema zentralean eta odolean. Hala, bazirudien gorputza burmuinetik kanpoko kolesterol-mailak konpentsatzen saiatzen ari zela; nerbio-sistemaren barruan, berriz, kolesterola falta zen, eta hori garrantzitsua da, mantentzeko eta konpontzeko mielinak kolesterola behar baitu.
Nerbio-sisteman kolesterola zenbat eta txikiagoa izan, neuronen kalteari lotutako proteina baten mailak handiagoak zirela ere ikusi zuten. Horrek iradokitzen du burmuinean kolesterolik ez izateak zerikusia izan dezakeela kalte handiagoarekin eta gaixotasunaren progresioarekin. Beste behaketa garrantzitsu bat izan zen aldaketa horiek ez zirela berdinak gizonen eta emakumeen artean: kolesterolaren alterazio-patroia aldatu egiten zen sexuaren arabera, baita EA motaren arabera ere. Hori lagungarria izan liteke azaltzeko zergatik ager daitekeen hain modu desberdinean gaixotasuna gizonengan eta emakumeengan.
Oro har, kolesterola eta haren metabolismoan inplikatutako beste molekula batzuk aztertzeak gaixotasuna hobeto ulertzeko ez ezik, lehenago diagnostikatzeko edo nola eboluzionatuko duen iragartzeko modu berriak aurkitzeko ere balio dezakeela iradokitzen du lanak.
Ondorioz, ikerketa honek erakusten du kolesterolaren metabolismoa nabarmen aldatuta dagoela EA duten pertsonengan, eta alterazio horiek sexuaren araberakoak direla. Kolesterolaren metabolismoa aldatu egiten da ere gaixotasunaren larritasunaren, EA motaren eta nerbio-sistema zentralean edo odol periferikoan aztertzen den arabera. Gainera, pazienteen laginetan aurkitu zuten kolesterola xurgatzeko markatzaile batzuk bereziki baliagarriak direla gizonetan gaixotasuna eta mota identifikatzeko. Azkenik, kolesterolaren metabolismo periferikoko asaldurak nabarmenagoak dira gaixotasunak aurrera egin ahala. Beraz, azterketa honek esklerosi anizkoitza gorputzean nola eragiten duen hobeto ulertzen laguntzen du, kolesterolaren metabolismoa, neuronen babeserako eta funtzionamendurako funtsezko molekula, gaixotasun hori duten pertsonengan aldatuta dagoela eta alterazio horiek esklerosi anizkoitzaren motaren, gaixotasunaren larritasunaren eta pazientearen sexuaren arabera aldatzen direla ondorioztatzen baitu. Gainera, kolesterolarekin lotutako markatzaile batzuk baliagarriak izan daitezke gaixotasuna diagnostikatzeko, mota identifikatzeko eta haren bilakaera jarraitzeko. Aurkikuntza horiek aukera berriak ematen dituzte tratamendu pertsonalizatuagoak garatzeko, burmuineko kolesterolaren metabolismoa hobetzeko eta neuronak babesteko.
Ikertzaileak pozik agertu dira “behaketa kliniko batetik abiatzen den ikerketa batek pazienteentzat benetako inplikazioak izan ditzakeen aurkikuntza zientifiko bat eragin duelako. Esklerosi anizkoitza hobeto ulertzeaz gain, bide berriak irekitzen ditu diagnostikatzeko, bilakaera jarraitzeko eta tratamendu pertsonalizatuagoetan pentsatzeko“. Gaineratu dutenez, “gure emaitzek galdera eta ikerketa-ildo berriak planteatzen dituzte. Gizonen eta emakumeen arteko ezberdintasunak aurkitzeak, edo kolesterolaren markatzaile batzuek gaixotasuna iragartzen lagun dezaketela aurkitzeak, oraindik esploratzeke dagoen eta, beraz, oso motibagarria den zerbaiterako ate bat irekitzen ari dela ematen du.”
Lan hau ISCIIIk finantzatutako hiru hilabeteko nazioarteko egonaldi batean egin zen, Sara Borrell kontratu baten bidez. Egonaldia Maastrichteko Unibertsitatean egin zen, Elikadura Zientzien eta Medikuntza Fakultateko Mugimenduaren sailean, Jogchum Plat ikertzailearekin ezarritako lankidetzari esker.





