Biogipuzkoa Osasun Ikerketa Institutuko Iktus taldeko eta Donostialdea ESIko profesionalek erakutsi dute baliagarria dela ikusmen-eremua zabaltzea iktus bat artatzen denean, irudi-proba arrunt batean, emaitza baliotsuak lortuz haren maneiu klinikoa hobetzeko. Lan hori Patricia de la Riva, Noemí Diez, Felix Gonzalez, Ana de Arce, Cristina del Bosque, Jon Equiza eta Maite Martinez-Zabaleta egin dute, beste lankideekin batera, eta emaitzak Journal of Neurology nazioarteko aldizkari zientifikoan argitaratu dira.
Iktus kardioenbolikoak iktus kasuen heren bat dira, gutxi gorabehera, eta koagulu batek garunean odol-hodi bat blokeatzean gertatzen dira. Testuinguru horretan, ezkerreko aurikula eta haren apendizea (odoleko bolumena kontrolatzeko balio duen aurikularen egitura bat) tronboak sortzeko ohiko lekuak dira. Tronbo horiek detektatzeko erreferentziazko proba ekokardiograma transesofagikoa (ETE) izan ohi da, baina proba erdi-inbaditzailea da. Bestalde, angio-TC proba (CTA), iktus kodearen protokolo estandarraren zati gisa sistematikoki egiten dena, bihotzaren goialderaino bakarrik iristen den tarte batera mugatzen da normalean, eta horrek egitura kritiko horiek ikustea eragozten du, non koagulu gehienak sortzen diren. Muga horren aurrean, ikerketa honetan planteatu zen ea tronboak maiz sortzen diren eremu horietara CTA konbentzionalaren tartea zertxobait zabaltzeak aukera emango ote zuen horiek modu goiztiar eta ez inbaditzailean identifikatzeko.
Beraz, ikerketa honen helburu nagusia izan zen iktus bidezko urgentziazko protokoloan angio-TC (CTA) eskuratzeko tartea handitzearen bideragarritasuna eta balio diagnostikoa ebaluatzea, toraxerantz gutxieneko hedapen batek ezkerreko aurikulan eta bere apendizean (bihotzeko buxadura-iturri nagusiak direnak) tronboak goiz eta sistematikoki detektatzea ahalbidetzen zuen zehazteko, Iktus Kodearen erantzun-denborak arriskuan jarri gabe. Era berean, lanak aztertu nahi zuen garaiz detektatutako betetze-akats horiek larritasun kliniko handiagoarekin eta pazientearentzako pronostiko okerragoarekin korrelatzen ote ziren.
Horretarako, 2020ko abendutik 2021eko azarora bitartean Donostia Unibertsitate Ospitalean egindako behaketa-ikerketa bat diseinatu zen. Lan honetarako, Iktus Kodearen irudi-protokoloa optimizatu zen, lesioaren jatorria garaiz detektatzeko. Zehazki, ohikoa denez, bularraren goiko aldera bakarrik eskaneatu beharrean, ikertzaileek ikusmen-eremua 4 zentimetro beherantz zabaldu zuten bihotza ikusi ahal izateko (zehazki, aurikula eta haren apendizea). Horri esker, goiz ikusi ahal izan zen ba ote zegoen koagulurik edo akatsik bihotzeko odol-fluxuan, iktusaren eragileak izan zitezkeenak.
Guztira, 299 paziente aztertu ziren, eta emaitzek baieztatu zuten aldaketa txiki horrek oso informazio baliotsua ematen duela, tronboak edo horien susmoak detektatu baitziren paziente-kopuru handi batean (%13). Garrantzitsuena izan zen bihotzean akats horiek aurkitu zitzaizkien pazienteek iktus larriagoak izan zituztela eta hurrengo hilabeteetan hiltzeko arrisku handiagoa izan zutela; izan ere, hiru hilabeterako hilkortasuna % 29koa izan zen akats horiek zituzten pazienteen artean, eta ez zituztenen artean, berriz, %6koa. Aurkikuntza goiztiar horri esker, mediku-taldeak lehen minututik identifikatu ahal izan zituen arrisku handiena zuten pazienteak, eta berehala doitu ahal izan zuen tratamendua, haien bilakaera hobetzeko eta iktusa errepika ez zedin.
Beraz, ondoriozta daiteke ezkerreko aurikula eta apendizea CTA akutuan sartzeak aukera ematen duela tronboak eta bestelako betetze-akatsak goiz identifikatzeko, iktusaren tratamendua atzeratu gabe. Gainera, aurkikuntza horiek emaitza kliniko okerragoei lotuta daude (larritasun eta hilkortasun handiagoa). Azkenik, detekzio goiztiarrak ondorio terapeutiko potentzialak ditu, hala nola, antikoagulazioaren indikazio goiztiarra edo ezkerreko apendizea ixtea. Beraz, pazienteentzako onurarik handiena da iktusaren kausaren diagnostikoa “denbora errealean” lortzeko aukera, larrialdietako lehen irudi-proban, itxaronaldi eta prozedura inbaditzaile gehigarririk gabe. Tronboak bihotzean goiz daudela identifikatzean, mediku-taldeak berehala pertsonaliza dezake tratamendua, iktusa errepika ez dadin behar den antikoagulazioa hasiz eta konplikazioak izateko arrisku handiagoa duten pazienteen zaintza estuagoa bermatuz. Horrek, azken batean, bizirauteko eta funtzionalki sendatzeko aukerak hobetzen ditu.
Ikerketa-taldearen esanetan, “lan hau egitean, taldeak hobekuntza praktiko eta merke bat baliozkotu izanaren poza sentitzen du, errutinako proba bat tresna diagnostiko askoz indartsuago bihurtzeko aukera ematen duena, emaitza horiek nazioarteko protokoloetan aldaketa bat bultzatuko dutelakoan. Azken helburua da ezkerreko aurikularen bistaratzea hasierako arretaren estandar bihurtzea, espezialistei aukera emanez erabaki terapeutiko azkarragoak eta seguruagoak hartzeko, lehen egunetako ziurgabetasuna murrizteko eta pazienteen biziraupena eta bizi-kalitatea zuzenean hobetzeko “.





