Ikerbasqueko aintzatespenak banatu zaizkie Donostian, Miramar Jauregian, Euskadin ikerketa-lanak egiten dituzten hiru emakumeri. Ekimenaren helburua da Euskadiko emakume ikertzaileen lana ikusaraztea eta haien ekarpen zientifikoa azpimarratzea.
María Muñoz Caffarel Ikerbasque Research Associate ikertzaileak eta Biogipuzkoa Osasun Ikerketa Institutuko Bularreko Minbiziaren eta IPAC taldeko erantzunkideak bere ikerketa-esparruan Ikertzaile lider gisa aitortzen duen saria jaso du, lidergo zientifikoaren kategorian. Bide batez, CIC energiGUNEko Elena Palomok eta Polymateko Danila Merinok ere eurena jaso dute. Elenaren kasuan Erreferenteen erreferente gisa, ikerketa-ibilbide oso baten aintzatespena izan da eta Danilaren kasuan Talentu emergente gisa aintzatetsia izan da.
Aurten, Ebaluazio Batzordeak lehen aipatutako hiru mailetako 21 emakumezko ikertzaileren azken hautaketa izan du eztabaidagai, eta hiru kategorietako ikertzaileen maila zientifiko handia nabarmendu du. Horrek, batzordearen hitzetan, Euskadin emakume ikertzaileek egindako zientziaren potentzial handia islatzen du.
María Caffarelen kasuan, Batzordeak bere ikerketa-ildoan duen lidergoa, zientziaren dibulgazio-lan handia eta sareak eta aliantzak ehuntzeko duen gaitasuna nabarmendu ditu.
Maríak, leheneik eta behin, biziki eskertzen du aitorpen hau, eta hala adierazi nahi izan du bere hitzaldian. Lehenengo zatian, euskaraz egin duela, ikasten ari den hizkuntzan, poza eta esker ona adierazi ditu. Bere ibilbidea azaldu du Complutense Unibertsitatean, Cambridgen, Biogipuzkoara iritsi arte, eta nabarmendu du 10 urte daramatzala donostiarra izaten, eta eskerrak ematen bere euskara irakasleari diskurtsoaren zati honekin laguntzeagatik.
Ondoren, bi ideia nagusi helarazi nahi izan dizkie bertaratutako pertsonei.
Batetik, munduko lanik politena duela defendatu du. Ikasteagatik, galderak egiteagatik eta erantzuteagatik ordaintzen den lan bat, eta hori luxua dela. Nabarmendu duenez, zoragarria da jakin-mina asetzeko askatasuna izatea eta egun bakoitza desberdina izatea, adibidez, sari hau jaso ondoren Oviedon beste ikertzaile batzuekin topaketa batera joateko bidaia bat zuela. Nahiz eta onartu duen lan zorrotza dela, beste lan batzuek izan ditzaketen zailtasunak dituela edo baldintzak hobetu daitezkeela, azpimarratu du ofizio honen asmo eta bokazio sozialarekin konpentsatzen dela, gizartearen onerako baita. Horregatik, eskerrak eman dizkie institutuko irakasleei zientziaren garrantzi sozial hori transmititzeagatik.
Bestalde, zientzia taldean egiten dela nabarmendu du, pertsonekin. Hala, azaldu duenez, Ander (Urruticoechea), Uxue (Alvarez), Sara (Manzano), Andrea (Abaurrea) eta Irati (Garmendia) bere taldeko kideak bertan zeudela, eta gainerakoak ezin izan zirela joan esperimentu garrantzitsu bat egiten ari zirelako. Tumoreen komunikazioa hobeto ezagutzeko balioko duen esperimentu hori egiteko, beharrezkoa da hainbat pertsonak taldean lan egitea, eta horretarako boluntario gisa aurkeztu ziren. Gaineratu du talde-lan hau laborategiko harremanetik haratago doala eta oso garrantzitsua dela beste toki batzuetako ikertzaileekin lankidetzan aritzea ikasteko eta bestela ezinezkoa izango litzatekeen esperimentuak egiteko.
Azkenik, Maríak eskerrak eman dizkie aitona-amonei eta gurasoei, bereziki bertan zegoen amari, egin nahi zuena egiten laguntzeagatik; Davidi, alde guztietara laguntzeagatik; Carmen eta Luciari, bizitza polita egiteagatik; bertaratutako taldekieei; eta Biogipuzkoari, Itziar Vergarak (Zuzendari Zientifikoa) ordezkatuta, bertan gustura lan egiten duelako. Bere interbentzioa hunkituta amaitu du, pazienteei eskerrak emanez, ikerketa-proiektuetan erakusten duten inplikazioagatik eta, azkenean, egiten duen lana haiengatik eta haientzat egiten duela gogoraraziz.
Juan Ignacio Pérez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburu eta Ikerbasqueko presidentea izan da ekitaldiko buru, Amaia Esquisabel Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saileko Zientzia Politikarako zuzendariarekin eta Fernando Cossio Ikerbasqueko zuzendari zientifikoarekin batera. Halaber, aintzatetsitako zientzialariek lan egiten duten ikerketa-zentroetako arduradunak ere izan dira ekitaldian.
Bere hitzaldian, sailburuak nabarmendu du helburua ez dela soilik emakume ikertzaileek lankideen eskubide eta aukera berberak izatea bermatzea, baita zientziari egiten dioten ekarpenagatik ikusgarritasun eta aintzatespen maila bera lortzea ere. “Berdintasun hori errealitate bat ez den bitartean“, azpimarratu du, “Ikerbasquek eta esparru zientifikoko erakunde guztiek honelako aintzatespen-ekintza espezifikoak bultzatzen jarraitu behar dugu, emakumeen talentua ikusarazten dutenak eta oraindik ere sisteman dauden desoreka historikoak zuzentzen laguntzen dutenak“.





