Irailaren 21ean Alzheimerren Nazioarteko Eguna ospatzen dela eta, Biogipuzkoak eta Donostialdea ESIk gaixotasunaren inguruan egiten ari garen lana ikusarazi nahi dugu, bai ikerketaren arloan, bai asistentziarenean eta gaixoei zein haien familiei laguntza ematearen arloan ere.

Donostia Unibertsitate Ospitaleko Narriadura Kognitiboko Unitatean (NKU) lanean ari dira narriadura kognitiboa eta dementzia duten pertsonei abordatze integrala eskaintzeko, Unitatean garatutako jarduera egungo beharretara eta Alzheimer gaixotasunak planteatzen dituen erronka berrietara egokituz.

“Azken urteetan aldaketak bultzatu ditugu gure asistentzia-dinamikan, gaixotasunaren fase arinean edo hasierakoan dauden pertsonen arreta hobetzeko. Ildo horretan, diagnosi-prozesua antolatzen eta homogeneizatzen saiatu gara eta Lehen Arretarekin lankidetza sendotzen ere, narriadura kognitiboa hasiberria duten pazienteen balorazio espezializatua erraztuz. Lan horrek garrantzi berezia hartzen du diagnosi-tresna berriak (hala nola biomarkatzaile plasamatikoak) eta Alzheimer gaixotasunari zuzendutako tratamendu berriak pixkanaka txertatzen ari direla ikusita”, adierazi dute Unitate honetatik.

Gainera, NKUak gaixotasun neurodegeneratiboetan oinarritutako nazioarteko ikerketa-proiektuetan eta kohortetan parte hartzen du, dementzia-forma genetikoak barne (adibidez, progranulina genearen mutazioei lotutako dementzia frontotenporala). Era berean, ospitaleko Neurologia Zerbitzuari laguntza eta diagnosi-euskarria ematen dizkio.

Ikerketarako bokazio hori Biogipuzkoa Osasun Ikerketako Institutuaren Gaixotasun Neurodegeneratiboen Taldearekin aliantza eta integrazio estuan egituratzen da; bertan bideratzen baita translazio- jardueraren zatirik handiena. Esparru bateratu honetan, honako hau azpimarratu dute: “Proiektu aitzindari baten buru gara, mekanismo patologiko berriak identifikatzera bideratua, terapia berritzaile eta eraginkorrak diseinatzeko. Zehazkiago esanda, garapen-bidean dago konposatu berrien diseinua eta testaketa gaixotasunaren zabalkunde patologikoari aurre egiteko. Izan ere; gaixotasun hauen sendabidea ekarriko ez lukeen arren, gaixotasun hauen bilakaeraren aurkako blokeo eraginkorra ekar lezake, hauen kronifikazioa eraginez eta gaixoen zein haien familien bizi-kalitatea nabarmen hobetuz”. Estrategia hori lehentasun kliniko eta translazionala da, unitatearen praktika klinikoan eta Biogipuzkoa OIIren laborategian partekatua.

Era beran, asistentziarekin eta ikerketarekin batera, taldeek funtsezkotzat jotzen dute familiei laguntzea, eta horregatik adierazi dute: “bereziki harro sentitzen garen ekimenetako bat dementzia duten pertsonen zaintzaileei zuzendutako prestakuntza- eta informazio-tailerrak dira”. Tailer horietan, gaixotasunaren diagnostiko- eta bilakaera-prozesua, jokabide-alterazioak, autonomiaren galera progresiboa eskura dauden gizarte-baliabideak jorratzen dira; gainera, elkarrizketarako gune bat sortzen da, zalantzak, esperientziak eta gaixotasunari aurre egiteko estrategiak partekatzeko.

Azkenik, honako hau gaineratu dute: gure helburua da narriadura kognitiboa eta dementzia duten pertsonei ematen zaien arreta hobetzen jarraitzea, eremu guztietatik: asistentziala, ikertzailea eta gaixoei nahiz familiei laguntzekoa. Gure unitatea datozen urteek ekarriko dituzten aldaketetarako prestatuta egotea nahi dugu eta, batez ere, egunero gaixotasun honekin bizi diren pertsonekin batera ikasten jarraitzea”.