Irungo Oiasso Erromatar Museoak eta Biogipuzkoa Osasun Ikerketa Institutuak antolatzen duten “Zientzia – Historia – Zientzia” zikloak laugarren edizioa du aurtengoa. “Osasun mentalak baditu milaka aurpegi” goiburuarekin, herritarrekin hitz egin nahi da osasun mentalari buruzko begirada aldatzen joan den moduari buruz eta hainbat garaitan kudeatu den moduari buruz, desestigmatizatzen saiatuz. Horretarako, hainbat jarduera egingo dira Irungo Oiasso Erromatar Museoan, urriaren 19tik 22ra.
Hasteko, hiru solasaldi egingo dira osasun mentalaren hainbat alderdi aztertzeko, ikuspegi historikotik eta zientifikotik. Urriaren 19an, astelehena, Cristina Ubani eta Rafael Huertasekin Osasun Mentalari eta Emakumeari buruz hitz egingo da. Hurrengo egunean, hilaren 20an, asteartez, Enric Novellak eta Álvaro Muzquizek psikiatriaren historiaz hitz egingo dute, baita ondoezak eta traumak nola tratatu diren ere. Azkenik, asteazkenean, hilak 21, Cristina Blanco eta Alex Muelarekin hitz egingo da suizidioaz. Besteak beste, Itziar Vergara eta Marialui Garcia arituko dira moderatzaile lanetan. Elkarrizketa guztiak 19:00etatik 20:00etara izango dira, bertaratzen direnek parte hartu ahal izango dute eta sarrera doakoa izango da lekua bete arte. Gainera, urriaren 22ean, ostegunean, “Why not?” elkartearen eskutik podcast bat grabatuko da zuzenean, 17:00etatik aurrera.
Ziklo honen helburua da aukera bat eskaintzea osasun-ikerketak eta ezagutza zientifikoak historian zehar gizartearen aurrerabidean izan duten eta izaten jarraitzen duten eragina zabaltzeko. Horretarako, formatu desberdinen bidez, bi erakundeek partekatzen eta osatzen dituzten gaiak landu dira lau ediziotan: zientzia, dibulgazioa, historia eta osasuna. Jarduera horien bidez, ziklo honen antolatzaileek herritarrei jakinarazi nahi diete ezagutzaren diziplinen eta herritarren arteko elkarrizketa eta konplizitatea ezinbestekoak direla inguratzen gaituen eta gure osasunari eragiten dion errealitatea ezagutzeko eta ulertzeko.





