Biogipuzkoa Osasun Ikerketako Institutuko Obstetrizia eta Ginekologia taldeko arduraduna den Irene Diez Itzak bildu du haurdunaldiko eta erditzeko gernu-inkontinentziari buruz eta prebentziorako estrategiei buruz dagoen informazioa. Nature Reviews Urology nazioarteko aldizkari ospetsuak argitaratu du berrikuspen-lan hau.
Gernu-inkontinentzia emakumeen bizi-kalitatea kaltetzen duen funtsezko baldintza da. Disfuntzio horren jatorrian hainbat faktorek eragiten dute, eta horien artean haurdunaldiak eta erditzeak funtsezko eginkizuna dute. Informazio-bilketa honetan, haurdunaldiak eta erditzeak gernu-inkontinentzian duten eragina deskribatzen da. Besteak beste, prebalentzia-zifrak, mekanismo fisiopatologikoak eta bi aldietako inkontinentziari lotutako arrisku-faktoreak azaltzen dira. Era berean, haurdunaldian eta erditu ondoren gernu-inkontinentzia prebenitzeko estrategiak deskribatzen dira.
Gernu-inkontinentzia oso ohikoa da haurdunaldian eta erditu ondoren; izan ere, haurdunaldiko batez besteko prebalentzia % 41ekoa da, eta erditu ondoko lehen urtean % 31koa. Bi aldi horietan, ahaleginari lotutako inkontinentzia da ohikoena, nahiz eta tasa horiek nabarmen aldatzen diren argitaratutako ikerketetan. Garrantzitsua da azpimarratzea haurdunaldian gernu-inkontinentzia duten emakumeek probabilitate handiagoa dutela sintoma hori izateko erditu ostean eta bizitzaren ondorengo etapetan.
Gernu-inkontinentzian eragina duten faktoreen artean gorputz-masaren indizea dago. Haurdunaldiaren aurretik eta haurdunaldian indize altu batek haurdunaldian gernu-inkontinentzia agertzen laguntzen duela dirudi, eta horrek aukera bat iradokitzen du balizko prebentzio-estrategietarako. Kontuan hartu beharreko beste faktore bat baginako erditzea da; izan ere, zesarea baino gernu-inkontinentzia handiagoarekin lotzen da, baina baginako erditzearekin eta gernu-inkontinentziarekin lotutako aldagai espezifikoen eraginari buruzko datuak kontraesankorrak dira.
Horiek prebenitzeko estrategiei dagokienez, jakinada haurdunaldian zehar zoru pelbikoko muskulaturaren ariketak (ZPMA) biziki eta modu gainbegiratuan egitea metodo eraginkorra dela haurdunaldian eta erditu ondoren gernu-inkontinentzia prebenitzeko. Neurri horrek epe puerperio berantiarrean edo epe luzean duen eragina ez da ezarri, eta, beraz, ikerketa gehiago behar da ebaluatzeko.
Inkontinentzia duten emakume haurdunengan ZPMAk duten eragin onuragarria ez da frogatu, eta erditze ondoko inkontinentzia duten emakumeengan esku-hartze horren eraginkortasuna ez da ziurra. Hala eta guztiz ere, ZPMA egiteak lagundu dezake haurdunaldiak zoru pelbikoaren egituretan duen inpaktua arintzen eta erditzearekin lotutako lesioak sendatzen. Horregatik, osasun-arloko profesional batek eman beharko lizkieke ZPMAk emakume guztiei haurdunaldian eta erditu ondoren, haien kontinentzia-egoera edozein dela ere.
Etorkizunari begira, erditze osteko gernu-inkontinentzia prebenitzeko edo tratatzeko ZPMAren protokolo estandarizaturik ez dagoenez, ikerketa gehiago behar da ikuspegi onena zehazteko. Zoru pelbikoaren ariketekiko atxikimendua hobetzea erronka izan daiteke bizitzaren aldi erabakigarri honetan, emakumeek beste lehentasun eta kezka batzuk izan ditzaketenean. Hala, ama-hezkuntzako programek informazioa bildu beharko lukete haurdunaldiak eta erditzeak kontinentziari nola eragiten dioten eta ZPMAen prebentzio-onurei buruz. Gainera, ikerketa gehigarria behar da haurdunaldian eta erditu ostean ZPMAekiko atxikidura sustatzen duten faktoreak identifikatzeko.





