Martxan jarri zenetik, 6.000 heriotza baino gehiago saihestu dira koloneko minbiziaren ondorioz, eta baita kirurgiek, ospitaleratzeek eta horri lotutako tratamendu onkologikoek eragiten duten kostu ekonomiko handia
Berriki, Euskadiko koloneko minbiziaren baheketa-programaren emaitzen azterketaren ondorioak aurkeztu dira. Donostia Unibertsitate Ospitaleko (Osakidetza) klinikoa eta Osasun Saileko Biogipuzkoa Osasun Ikerketa Institutuko Gaixotasun Hepatikoen eta Gastrointestinalen Arloko arduraduna den Luis Bujanda doktoreak koordinatutako lan honetan arlo horretako kideak eta Osakidetzak 2009an Euskadin abian jarritako koloneko minbiziaren baheketa-programako kideek parte hartu dute.
Azterlan honetan, koloneko minbiziaren ondoriozko hilkortasun globala eta 20 urte baino gehiagoko hilkortasuna aztertu dira Euskadin, 2004tik 2024ra, eta koloneko minbiziaren ondoriozko hilkortasunaren aldakuntzak behatu dira, programa abian jarri aurretik eta abian jarri bitartean. Datu esanguratsuenen artean, biztanleriaren zahartzeak eragindako hilkortasun globalaren hazkundea dago, kasu honetan % 24 haziz 70 urtetik gorakoen artean. Hala ere, urteetan zehar populazio estandarizatuak aztertzen direnean, ikusi da hilkortasun globalak behera egin duela.
Koloneko minbiziaren ondoriozko hilkortasunaren murrizketa programa ezarri eta hirugarren urtean hasi zen nabaritzen, 2012an. Programaren xede zen xede-populazioan (50 eta 69 urte bitarteko sintomarik gabeko pertsonak) koloneko minbiziak eragindako heriotza-tasa % 50 murriztu zen. Heriotza-tasa % 40 murriztu da 70 urtetik gorakoen artean ere, polipoak erauzteagatik eta fase goiztiarretan minbiziak detektatzeagatik.
Euskadin baheketa-programa progresiboki 2009an hasi zen, Bujanda doktoreak Euskadin gidatutako COLONPREV azterlanarekin batera. Azterlan horretan egiaztatu zen koloneko minbiziak eragindako heriotza-tasa % 80 baino gehiago murriztu zela baheketa-programan parte hartzen dutenen kasuan, eta antzeko emaitzak izan zirela kolonoskopiara edo gorozkietan ezkutatutako odol frogetara banakoak gonbidatzen direnean. Euskadin, gutxienez 5 txanda egin dira, eta 50 eta 69 urte bitarteko 550.000 pertsona baino gehiago gonbidatu dira bi urtean behin gorozkietan ezkutatutako odol-testa erabiltzera, Parte-hartze maila % 70etik gorakoa izan da, eta testaren positibotasun tasa jaisten joan da egindako txanda kopuruaren arabera, % 5,8tik % 4,3ra.
Baheketa-programak koloneko 4.892 minbizi kasu detektatu ditu, horietatik 3.464 I-II fasean, non biziraupena % 90etik gorakoa den. Gainera, koloneko minbizira bilakatzeko arriskua duten 42,071 polipo erauzi dira, eta horietatik % 10 baino gehiago minbizian geratuko lirateke, kendu ezean.
Azterlanari buruzko beste datu batzuek adierazten dutenez, 2004tik 2024ra bitartean Euskadin 2.174.033 biztanle zeuden batez beste. Aldi horretan bertan 438.134 pertsona hil ziren, horietatik 128.052 (% 29.2) minbiziaren ondorioz eta 16,298 (% 12.7) minbiziaren ondoriozko heriotzak koloneko minbiziaren ondorioz. Bestalde, 70 urtetik gorako pertsonen artean hazkundea % 24koa izan zen, 2008an 317.000 heriotza izatetik 2024an 412.000 izatera. 2008an hiltzen zirenen % 77,1ek 70 urte baino gehiago zituen, eta 2024an hil zirenen % 79,3k 70 urte baino gehiago. Hala ere, eta esaten denaren kontra, Euskadin ez da koloneko minbiziaren ondoriozko heriotza-tasarik igo 50 urtetik beherakoen artean.
Colorectal Cancer Mortality Following an Organized Fecal Immunochemical Test-Based Screening Program
Luis Bujanda, Beatriz Val, Isabel Portillo Villares, Isabel Idigoras-Rubio, Jesus M Banales, Maria A Gutierrez-Stampa, Arantza Lopez de Munain, Covadonga Audicana, Oscar Calleja, Joaquín Cubiella, Laura Izquierdo-Sanchez.





