Gut Microbes aldizkari zientifikoan argitaratutako Europako ikerketa batek baieztatu du Helicobacter pylori-ren erresistentzia handitu egin dela antibiotiko erabilienetako batzuen aurrean, eta horrek tratamenduen eraginkortasuna arriskuan jartzen duela, eta mikrobioen aurkako zaintzarako eta zentzuzko erabilerarako estrategiak indartzera behartzen duela.

 

Lanaren buru Beatriz Nafria eta Jone Narbaiza izan dira, Luis Bujandak (CIBERHED eta EHU) zuzentzen duen Biogipuzkoa OIIko Gaixotasun Hepatiko eta Gastrointestinalen arloko kideak, eta Javier Gisbert-en (CIBERHED-Printzesa Unibertsitate Ospitalea) gidatutako taldearen taldearen eta Olga P. Nyssen-en (Hp-EuReg-eko zuzendari zientifikoa -CIBEREHD-Princesa OII) laguntza izan dute.

H.pylori-k eragindako infekzioak munduko biztanleriaren %40ri eragiten dio gutxi gorabehera, eta minbizi gastrikoa garatzeko arrisku-faktore nagusia da. H.pylori desagerrarazteko, hainbat antibiotiko konbinatu behar dira, baina erresistentziak agertzeak nabarmen murrizten ditu arrakasta terapeutikorako aukerak. “Erresistentzien bilakaera ezagutzeak estrategia terapeutikoak errealitate epidemiologikora egokitzea eta tratamenduen eraginkortasuna hobetzea ahalbidetzen du”, nabarmendu du ikerketa-taldeak.

Azterlanak 1990 eta 2024 bitartean argitaratutako 216 ikerketa berrikusi zituen. Europako 31 herrialdetako 170.000 paziente baino gehiagoren datuak biltzen dituzten ikerketa horiek eta orain arte Europako H pylori erresistentzia primarioen bilakaerari buruz egindako analisirik osoena bilakatu da.

Emaitzek erakusten dutenez, klaritromizinarekiko erresistentzia primarioa %24ra iritsi da azken aldian (2020-2024); levofloxazinoarekiko erresistentzia, berriz, %21era iritsi da. “Bi zifra horiek gainditu egiten dute Europako gida klinikoek ezarritako %15eko atalasea, eta hortik aurrera ez da gomendatzen antibiotiko horien erabilera enpirikoa“, esan du Luis Bujanda ikerketaren koordinatzaileak. Era berean, metronidazolarekiko erresistentzia %33ra iristen da, eta amoxizilinarekiko, tetraziklinarekiko eta errifanpizinarekiko erresistentzia, berriz, txikia da, %2,3, %1 eta %4ko prebalentziekin, hurrenez hurren. Analisiak alde geografiko garrantzitsuak ere erakusten ditu. Europa hegoaldeko herrialdeek, horien artean Espainiak, kontinentearen iparraldean ikusitakoak baino erresistentzia-tasa handiagoak dituzte.

Lanak azpimarratzen du tratamendurako gida klinikoak eguneratu behar direla, antibiotikoak zuhurtziaz erabiltzeko politikak indartu behar direla eta lagin klinikoak eta datu mikrobiologikoak sistematikoki bilduko dituzten zentro jagoleen sorrera bultzatu behar dela. Sistema horiek aukera emango lukete erresistentzien bilakaera monitorizatzeko, aldaketak goiz detektatzeko eta osasun-agintariek erabakiak hartzeko funtsezko informazioa emateko.

 

Azterlanaren erreferentzia

Prevalence of primary Helicobacter pylori antibiotic resistance in Europe over the past four decades.

Nafria B, Nyssen OP, Narbaiza J, Montes M, Parra P, Gisbert JP, Bujanda L.Gut Microbes. 2026 Dec 31;18(1):2704245. doi: 10.1080/19490976.2026.2704245.