Bioingeniaritza birsorkuntzan eta minbizian eta Bularreko Minbizia eta BAPM taldeek hidrogel berri bat garatu dute tumore solidoetan T linfozitoen bidezko immunoterapiaren eraginkortasuna handitu ahalko lukeena. Ikerketa hau garatu dute Jone Berasain, Sara Manzano, Oihane Mitxelena-Iribarren, Unai Heras, Ainhoa Romo-Valera, Peio Azcoaga, Leire Iturriaga, María M. Caffarel eta Amaia Cipitria ikertzaileek, EHUko, CIC bioGUNEko eta POLYMAT-eko ikertzaileekin batera, eta emaitzak Materials Today Bio nazioarteko aldizkarian argitaratu dituzte.
T linfozitoen immunoterapiak tumore hematologikoetan (odoleko minbizietan) emaitza apartak izan dituen arren, tumore solidoak tratatzerakoan hainbat oztopo aurkitu dira. Oztopo horietako bat da zain barnean injektatzean T zelulek zailtasunak dituztela tumorea aurkitzeko eta tumore-barrura sartzeko, oztopo fisikoak eta ingurune erasokorra direla eta. Ondorioz, estrategia bat izan da dosi altuagoak ematea, toxikotasuna eta albo-ondorioak handituz. Honen aurrean, bioingeniaritzak aukera berriak eskaini ditzake muga horiek gainditzeko. Hala, lan berri honen helburua izan zen T zelulak modu lokalean eta pixkanaka askatuko dituen hidrogel injektagarri, biskoelastiko eta biodegradagarri bat garatzea, terapiaren efikazia hobetzeko eta toxikotasuna murrizteko.
Helburu hoirek betetzeko, ikertzaileek alginatozko (hainbat itsas algetan aurkitzen den polimeroa, alegia) hidrogel berezi batzuk diseinatu zituzten. Alginatoaren kontzentrazio desberdinak (%1 eta %2) probatu zituzten eta ikusi zuten %1eko alginatozko hidrogela zela egokiena: bigunagoa, porotsuagoa, errazago injektatzen zen orratz baten bidez eta zelulei kalte gutxiago egiten zien injekzio-indarra txikiagoa zelako. Gainera, ikertzaileek frogatu zuten, laborategian, %1eko gel horretan T zelulak 10 egunez bizirik mantentzen zirela, hazi egiten zirela eta pixkanaka hidrogeletik ateratzen zirela. Ondoren, bi animalia-eredutan probatu zuten hidrogela: oilasko-enbrioietan (CAM eredua izenez ezagutzen dena) eta saguetan (bular-guruinean injektatuta). Emaitzek erakutsi zuten hidrogela erabiliz gero, T zelulak injektatutako lekuan askoz denbora gehiagoz gelditzen zirela eta hobeto hazten zirela, ohiko injekzio likido batekin alderatuta (hidrogelik gabe zelulak berehala desagertzen baitziren). Azkenik, ikertzaileek ikusi zuten hidrogela ehunarekin ezin hobeto integratzen eta degradatzen zela.
Emaitzak ikusita, ikertzaileek ondorioztatu dute alginatozko hidrogel injektagarri eta biskoelastiko hauek ingurune egokia eskaintzen dutela T zelulak modu lokalean administratzeko. Materialaren propietate mekanikoei esker, gel-forman injektatu daiteke klinikan, zelulen bizi-funtzioak babestuz, hauen hazkuntza eta funtzioa sustatuz eta denboran zehar iraunkortasuna bermatuz. Hori dela eta, lan honek ateak irekitzen dizkio tumore solidoak dituzten pazienteentzako immunoterapia eraginkorrago bati. T zelulak tumorearen inguruan bertan modu lokalean eta kontrolatuan askatuz, terapiaren efikazia handi daiteke, eta, aldi berean, albo-ondorio toxiko eta arriskutsuak murriztu daitezke.
Ikertzaileen hitzetan “harro eta pozik sentitzen gara diziplinarteko elkarlan honen emaitzarekin, polimeroen zientzia, bioingeniaritza eta onkologia uztartu baititugu. Espero dugu emaitza hauek oinarri sendo bat izatea etorkizunean sistema hau transferitzeko, teknologia hau laborategiko ereduetatik haratago eraman, merkaturatu eta egunen batean minbizia duten pazienteengana iristeko, euren bizi-kalitatea eta tratamendu-aukerak hobetuz”.





