Maiatzaren 20an Saiakuntza Klinikoen Nazioarteko Eguna ospatzen da, historiako lehen saiakuntza klinikoa gogoratzen den eguna, zeinak ikerketa klinikorako oinarriak ezarri zituen. Gure institutuan, saiakuntza klinikoak Ikerketa Klinikoko Unitateak kudeatzen ditu.
Iaz azaldu ziguten bezala, saiakuntza klinikoak ikerketa-lanak dira, eta, horietan, borondatezko parte-hartzaileetan terapia, sendagai, txerto, terapia biologiko, osasun-produktu, esku-hartze edo prozedura mediko berriak ebaluatzen dira. Gizakiengan aplikatzeko duten eraginkortasunari eta segurtasunari buruzko ebidentzia zientifiko sendoa sortzea du helburu, ohiko praktika klinikoan sartu aurretik. Horretarako, Ikerketa Klinikoen Unitatetik prozesu osoa laguntzen dute, Gipuzkoako osasun-zentroetan saiakuntza kliniko bat modu optimoan eta seguruan egin ahal izateko.
Bere lana publiko askori ezagutarazteko, Unitateak parte hartu du Lanbide Heziketako ikasleentzako dibulgazio-jardunaldietan, eta Batxilergoko ikasleentzako, Farmaindustriarekin lankidetzan. Gainera, Donostia Ospitaleko hirugarren urteko egoiliarrei azaldu zien nola funtzionatzen duten saiakuntza klinikoek.
Unitatekoek azpimarratu dutenez, “badakigu, saiakuntza bakoitzaren atzean, ikerkuntzan konfiantza duten pertsonak daudela, alternatiba terapeutiko gisa. Horregatik, arduraz, konpromisoz eta hurbiltasunez lan egiten dugu, ematen dugun urrats bakoitzak pazienteari terapia seguruago eta eraginkorrago bat hurbiltzen diola sinetsita, medikuntza eta gizarterako etorkizuna eraikiz“. Gaineratu dutenez, “saiakuntza klinikoak egitean, harrotasun eta konpromiso sakona sentitzen dugu. Bihotzetik, badakigu gure eguneroko lana gainditzen duen kausa bati gure harri-koskorra ematen ari garela“.





