Ikerketak ondorioztatu duenez, koloneko tatuaje endoskopikoak ez du gongoilen errekuperazioa hobetzen kolon eta ondesteko minbizi goiztiarraren kirurgian

 

Donostia Unibertsitate Ospitaleko (DUO) eta Osasun Saileko Biogipuzkoa Osasun Ikerketa Institutuko profesional kliniko eta ikertzaileek koordinatutako ikerketa baten arabera, kolon eta ondesteko minbiziaren kirurgiaren aurretik gongoil linfatikoen tatuaje endoskopikoa egiteak ez du laguntzen erauzitako gongoilen kopurua handitzen, ondoren aztertuak izan daitezen.

Kolon eta ondesteko minbiziaren hasierako estadioetan (pT1), paziente batek tratamendu gehigarririk behar duen erabakitzeko gakoetako bat kirurgian zenbat gongoil linfatiko berreskuratzen diren eta baten batek tumore-zelulak dituen aztertzea da. Zenbat eta gongoil gehiago aztertu, orduan eta fidagarriagoa da diagnostikoa, eta hobe da tratamendua planifikatzea.

Tatuaje endoskopikoa izeneko teknika ospitale askotan erabili ohi da. Kirurgia egin aurretik, tinta bat injektatzen da tumoretik gertu, zirujauari tumorea zehaztasunez aurkitzen laguntzeko. Hala ere, orain arte ez zegoen argi tatuaje horrek pazientearen gongoil linfatikoen errekuperazioa ere hobetu zezakeen.

Inés Gil, klinikoa eta Biogipuzkoa OIIko Gaixotasun Gastrointestinalen taldeko kideak eta Luis Bujanda klinikoa eta Institutuko Gaixotasun Hepatiko eta Gastrointestinalen arloko arduraduna eta CIBER (CIBERHED)eko Gaixotasun Hepatiko eta Digestiboen arloko taldeburuak estatu mailan koordinatutako ikerketa zabal batek erantzun argia eman du; tatuaje endoskopikoa kirurgian tumorea aurkitzeko baliagarria da, baina ez du gongoil linfatikoen errekuperazioa hobetzen, ezta pT1 estadioan kolon eta ondesteko minbiziak eragindako gongoilen detekzioa handitzen ere.

Espainiako hainbat zentrotan operatuak izan diren 1.700 paziente aztertu ziren (EpiT1 Partzuergoa); horietatik 500 inguru EAEko ospitaleetakoak ziren, eta 150 DUHkoak. Bi talde alderatu ziren: aurretik tatuaje endoskopikoa egin zitzaien pazienteak eta tatuajerik gabeko pazienteak. Berreskuratutako gongoilen batez besteko kopurua berdina izan zen bi taldeetan (14 gongoil), eta ez zen alderik izan gongoil positiboen detekzioan (% 10,4 vs. % 9,5). Emaitza horiek mantendu egin ziren, tumorea non kokatuta zegoen alde batera utzita.

Ikerketaren koordinatzaileen hitzetan, “emaitza horiek adierazten dute koloneko minbiziaren ebakuntza aurreko tatuajea ez litzaiekeela paziente guztiei egin behar. Kirurgia laparoskopikoan kokatzea zaila den kasuetan soilik erabil zitekeen, hala nola ezkerreko kolonean, zeharkako kolonean eta gibeleko angeluan“.

 

Entzun Inesen eta Luisen hitzak:

 

Artikuluaren erreferentzia

Preoperative endoscopic tattooing and its effect on lymph node recovery in pT1 colorectal cancer. Gil-Lasa I, Bujanda L, Sarasqueta C, Daca-Alvarez M, Zaffalon D, Saez de Gordoa K, Ibañez-Sanz G, Sanjuan X, Herreros-de-Tejada A, Salces I, Aguilera L, Ponce M, Pizarro Á, Barquero D, Puig I, Redondo PD, Martínez de Juan F, Morales VJ, Alburquerque M, Machlab S, Ferrandez A, Peñas B, Díaz-González A, Sargatal L, Jover R, Hernandez L, Pedrosa AP, Musulen E, Hernandez G, Trelles M, Ono A, Vicente JL, Portillo I, Cuatrecasas M, Pellisé M; EpiT1 Consortium. Gastroenterol Hepatol. 2026 Apr 21:502765. English, Spanish. doi: 10.1016/j.gastrohep.2026.502765.

https://pubmed.ncbi.nlm.nih.gov/42025794/