Dr. Mauro D’Amato – Biodonostia. Ikerbasque Research Professor.

Mauro D’Amato Osakidetzaren Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuko Ikerbasque ikerlaria buru duen nazioarteko ikerketa-talde batek heste narritakorraren sindromearen kausa berriak identifikatu ditu. Zehazki, genetika-faktoreak, karbohidratoen digestioa eta mikrobiota lotu ditu heste narritakorraren sindromearekin.

Heste narritakorraren sindromea urdail-hesteetako gaixotasunen artean ohikoena da. Biztanleriaren % 10ek baino gehiagok pairatzen ditu sintoma ohikoenak: sabeleko mina, haizeak, beherakoak eta idorreria. Aurretiazko faktoreak nahiko ezezagunak dira heste narritakorraren sindromean. Hala ere, elikadura, genetika-faktoreak eta hesteetako mikrobiota-aldaketak proposatu izan dira faktore gisa. Biodonostiako Mauro D’Amato Ikerbasque irakaslea buru duen nazioarteko ikerketa-talde batek loturak ikusi ditu sakarosa isomaltasa genean polimorfismo genetikoaren, karbohidratoen ahorakinaren, hesteetako mikrobiotaren osaeraren eta horrek heste narritakorraren sindromean duen arriskuaren artean.

Sakarosa isomaltasa gena hesteetako entzima bat da (disakarasida) eta gizakietan garrantzitsua da disakaridoen (azukrea, esaterako) eta elikadura-almidoiaren % 60aren digestioa egiteko. Mauro D’Amatoren taldeak frogatu zuen aurretik sakarosa isomaltasaren aldaera akastunak, entzimen jarduera txikiagoa eta karbohidratoen digestio baxuagoa esan nahi dutenak, ohikoagoak direla heste narritakorraren kasuetan, kontroletan baino. Oraingoan, erakutsi dute heste narritakorreko aldaera horien funtzioa nabariagoa dela kontsumitutako karbohidrato kopurua kontuan hartzen denean, eta heste narritakor-karbohidrato lotura hori heste narritakorraren sindromea duten pazienteengan mikrobiotaren heste-profilarekin lotuta dago.

Ikerketa horren emaitzak, baita talde horrek aurretik egindako ikerketekin batera, aurrerapen handia dira, pazienteak estratifikatzeko aukera ematen baitu, baita heste narritakorraren berariazko gaixotasunen azpitaldeak identifikatzeko aukera ere. Heste narritakorraren sindromean azterlan nutrigenetiko berriak egiteko arrazoiak eskaintzen dituzte, sakarosa isomaltasaren genotipoaren arabera tratamendua pertsonalizatzeko aukera ere (elikadura barne).

Azterlana GUT aldizkari zientifikoan argitaratu da eta nazioarteko erakunde zientifikoen elkarlanaren emaitza izan da. Bertan parte hartu dute Osakidetzaren Biodonostiak, Estokolmoko Karolinska Institutuak eta Alemaniako Kieleko Biologia Molekular Klinikoaren Institutuak.

Mauro D’Amato genetikan eta pertsonalizatutako medikuntzan da aditua eta Biodonostiara gehitu da Ikerbasque Euskal Zientzia Fundazioaren Research Professors programaren bitartez. Biodonostia/ESI Donostialdearen Genetika Gastrointestinalaren ikerketa-talde berriko arduraduna da (UPV/EHUko Luis Bujanda doktore eta irakasleak zuzentzen duen Gaixotasun Hepatikoen eta Gastrointestinalen Ikerketa alorraren menpekoa da).

 Azterlana esteka honetan ikus dezakezu.