Urtero, maiatzaren 30ean, Esklerosi Anizkoitzaren Munduko Eguna ospatzen da, gaixotasun hori ikusarazteko helburuarekin. Gure Institutuan, Neuroimmunologiako taldea, David Otaegui eta Tamara Castillo buru dituena, oso aktiboa da gaixotasun honen ikerketan, hainbat ikerketa-lerro irekita baititu eta nazioko eta nazioarteko sareetako kide baita.
Iaz azaldu ziguten euren helburua gaixotasuna hobeto ulertzea dela eta horretarako hainbat alderdi aztertzen dituztela: sistema immunea, bere zahartzea, mikrobiota, zelulaz kanpoko besikulak, lesioak erremielinizatzeko aukerak, kolesterolaren metabolismoa eta hainbat saiakuntza klinikotan parte hartzea.
Ikerketa ildo horien ondorioz, aurten taldeak bere aurkikuntzetako batzuk azaldu dizkigu. Besteak beste, azaldu ziguten hesteetako onddoek nola eragiten duten Esklerosi Anizkoitzaren garapenean eta larritasunean, esklerosi anizkoitza duten pertsonen immunitate-sistemaren zahartzea desberdina dela, edo kolesterolaren metabolismoa aldatuta dagoela esklerosi anizkoitzean, eta aldaketa hori desberdina dela sexuaren arabera.
Taldearentzat, “Ikertzea bokaziozko prozesu bat da, eta esklerosi anizkoitza duten pertsonei eta gizarteari gure aletxoarekin laguntzeko motibazioa da nagusi. Nahiz eta batzuetan etsigarria izan daitekeen finantzazio faltagatik edo ikerketa-karreraren berezko ezegonkortasunagatik, oso gogobetegarria da zerbait eman dezakegunean edo esklerosi anizkoitza duten pertsonekin elkarreragiten dugunean eta gure ikerketa-ildoak azaltzen ditugunean”
Taldearen ezaugarri den erantzukizun sozial horren adibide dira ADEMGI Gipuzkoako Esklerosi Anizkoitzaren Elkartearekin batera egiten dituzten jarduera guztiak. Gainera, taldeko kideak oso aktiboak dira mota guztietako publikoentzako dibulgazio-jardueretan.
Egiten duten lana eta egiten dituzten ikerketetatik lortzen dituzten emaitzak kontatzen jarraitzea espero dugu.





