Haurdunaldiaren lehen hiruhilekoan neurtutako substantzia kimiko batzuk eta haurrek geroago izandako pubertaroaren hasiera erlazionatu ditu Biogipuzkoa Osasun Ikerketa Institutuko eta EHUko ikerketa batek.

Ingurumeneko kutsatzaileek haurdunaldian eta haurren garapenean duten eragina aztertzen duen INMA proiektuaren baitan, ikertzaileek amaren odolean neurtutako PFAS izeneko substantzia kimikoen kontzentrazioak eta neska-mutilen pubertaroaren hasiera aztertu dituzte. Azterlanak erakutsi du PFAS mota batzuek lotura arina izan dezaketela pubertaroko zenbait ezaugarri aurreratu edo atzeratzearekin. Ikerketa honetan parte hartu dute Sara López de Calle eta Amaia Irizar Loibide ikertzaileek, Biogipuzkoa Osasun Ikerketa Institutuko Osasun Publikoa eta Ingurune Epidemiologiako taldeko eta EHUko Basque Environmental Health Research Group (BEHRG) taldeko kideak. Gainera, INRAE Frantziako Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ikerketako Institutuarekin eta CIBERESP partzuergoko ikertzaileek pate hartu dute.

Haurtzarotik nerabezarora pasatzeko aldaketak pubertaroan gertatzen dira. Azken hamarkadetan, pubertaro goiztiarraren fenomenoa ugaritzen ari da. Gaia hainbat alderditatik aztertzen ari da zientzia-komunitatea; jakina da, adibidez, pubertaro goiztiarra lotuta egon ohi dela gorputzeko gantz-metaketarekin, eta tenperatura epeletako herrialdeetan ere pubertaroa lehenago hasi ohi dela. Pubertaroa sistema endokrinoak (hormonalak) erregulatzen du neurri handi batean, eta haurraren jaio aurretiko esposizioek badute eragina prozesuan. Izan ere, jaio aurretik sistema endokrinoan eragiten duten substantzia kimikoekin kontaktuan egoteak eragina izan dezake haurraren hormonen seinalizazioan eta pubertaro-garaian.

PFASak dira sistema endokrinoan eragiten duten substantzia horietako batzuk; disruptore endokrinoak dira: “Gai dira gure hormonek normalean martxan jartzen dituzten mekanismo metabolikoak abiarazteko, geldiarazteko eta abar”, dio Sara López de Calle ikertzaileak. PFASei betirako konposatu kimiko esaten zaie, ez baitira erraz degradatzen eta ingurunean nahiz organismoetan metatzen baitira. Konposatu sintetiko perfluoroalkilatuak eta polifluoroalkilatuak dira, eta, gaur egun, milaka PFAS erabiltzen dira sektore askotan (elikagai-prozesaketan, ehungintzan, osasun-materialaren fabrikazioan…). “PFASak luzaro egoten dira gure gorputzean: batzuek bost urte behar dituzte gure gorputzetik kontzentrazioaren erdia desagertzeko, eta, beste batzuek, 60 urtetik gora”, azaldu du Amaia Irizar doktoreak.

Ikerketa epidemiologiko gutxi egin dira jaio aurretik PFASen eraginpean egoteari eta horrek pubertaroaren garapenean izan ditzakeen efektuei buruz. Hain zuzen ere, Euskal Herriko Unibertsitateko eta Biogipuzkoa Osasun Ikerketako Institutuko ikertzaileek emakume haurdunen odolean aurkitu ohi diren lau PFAS ugarienen kontzentrazioak neurtu dituzte, lehenengo hiru hilabeteetan, eta haien seme-alabek gerora izan duten pubertaroaren garapenaren aldaketarekin erlazionatu dituzte. INMA (Infancia y Medio Ambiente) proiektuaren testuinguruan egin dute ikerketa —aireko, uretako eta elikagaietako kutsatzaileek umekiari, jaioberriari eta umearen hazkuntza eta garapenari nola eragiten dieten ikertzeko Espainiako ikertzaile-sarea da—.

Hala, jaio aurretik haurrek PFHxS, PFOA, PFOS eta PFNArekiko izan duten esposizioa eta haurren pubertaroa lehenago hasi ote den begiratu dute 492 ama-alaba eta 475 ama-seme bikotetan. “Aztertu dugu PFAS bakoitza bere aldetik eta laurak batera (nahaste gisa) nola erlazionatzen diren pubertaro goiztiarrarekin; gainera, bereizi egin ditugu neskak eta mutilak, eta haurren gorputz-masaren indizea ere kontuan hartu dugu”, adierazi dute ikertzaileek.

Joera orokorrik ez

Ikertzaileek ez dute joera orokorrik antzeman substantzia horien eta haurraren garapenaren artean: “Ikusi dugu PFAS batzuen kontzentrazioa handitzen den heinean, pubertaro goiztiarra izateko arriskua handitu egiten dela; baina, PFAS-motaren arabera, erlazio desberdinak aurkitu ditugu mutiletan, nesketan eta pubertaroko garapen-fase desberdinetan”, azaldu dute ikertzaileek.

Adibidez, amaren odolean lau PFASen kontzentrazioak (lauak batera aztertuta) handiagoak zirenean haurren pubertaroa aurreratzeko joera handiagoa zela ikusi zuten bi sexuetan, eta erlazio hori esanguratsua izan zen mutiletan. PFHxS-ari dagokionez, neskek adrenarkia goiztiarra izateko arrisku handiago batekin lotu zen (alegia, ile-, azal- eta usain-aldaketak eragiten dituen fasea aurreratzearekin). Amaren odoleko PFOS-kontzentrazioa handiagoa zenean, mutiletan, pubertaroa zertxobait aurreratu daitekeela hauteman dute ikertzaileek; baina, nesketan, berriz, gonadarkia berantiarra izan zezaketela ikusi zuten (sexu-guruinekin lotutako aldaketa-fasea atzeratzen zaie). “Horrek badu bere logika, azken batean, neska-mutilek garapen hormonal desberdina daukatelako”, azaldu dute. Nolanahi ere, argitu nahi izan dute aurkitu dituzten erlazioak ere ez direla “oso altuak, hau da, ez dugu ondorioztatu arriskua nabarmen handitzen denik”.

Ikertzaileek arreta berezia jarri diote pisuaren araberako azterketari: ikusi dute PFAS baten eta pubertaro-hasieraren arteko erlazioren bat zegoen kasuetan, erlazio hori handitu egin dela gehiegizko pisua edo obesitatea daukaten haurretan. Hau da, “PFAS baten eraginpean egon diren haurretan pubertaroa aurreratu egin bada, efektua handiagoa izan da gainpisua duten haurretan”, azaldu dute.

Beraz, “emaitzek ez dute erakutsi behin betiko frogarik, jaio aurretik PFASen eraginpean egon izana eta pubertaroan sartzeko unearen aldaketa lotzeko; baina lortutako ebidentziak bateragarriak dira PFASek eragin dezaketen alterazio endokrinoarekin, eta gehiago ikertzea justifikatzen dute”, argitu dute ikertzaileek. PFASen inguruko ikerketari zenbait ebidentzia gehitu dizkiote lan honekin; orain arte gai honetan ez da kohorte-ikerketa askorik egin, “ikusteko ea haurdunaldiko esposizioek nolabaiteko efektua izan dezaketen seme-alaben pubertaroaren hasieran”. Bestalde, orain arte ikerketa gutxi egin dira PFASen multzo bat batera aztertzeko. Beraz, PFASek biologian duten eragina eta omnipresentzia kontuan hartuta, “luzerako ikerketa handiagoak egin behar dira, lotura horiek eta osasun publikoan izan ditzaketen ondorioak argitzeko”, diote.

 

Erreferentzia bibliografikoa

Sara Lopez de Calle, Aitana Lertxundi, Oihane Alvarez, Maria-Jose Lopez-Espinosa, Carmen Freire, Monica Guxens, Thomas Schettgen, Bruno Le Bizec, Jean-Philippe Antignac, Martine Vrijheid, Eliana Marcela Palacios, German Cano-Sancho, Amaia Irizar. Association between prenatal exposure to per- and polyfluoroalkyl substances and pubertal development in boys and girls in the Spanish INMA cohort. Environmental Research. DOI: 10.1016/j.envres.2026.124095