Azterketa hau Osasunaren Mundu Erakundeak industria-inguruneetan bizi diren biztanleek paira ditzaketen ondorioen aurrean agertutako kezkarekin erlazionatuta dago. Gipuzkoako INMA kohortearen azterketa Environmental International aldizkarian argitaratu da duela gutxi. Azterketaren arabera, haurdunaldian airearen kutsatzaileen eraginpean egoteak —partikula txikiak (PM2.5), NO2 eta bentzenoa— 15 hilabeteko haurren garapen kognitiboa eta motorra kaltetzen duten ondorioak eragin ditzakeela ondorioztatu da.
Aztertu den inguruari dagokionez, azalera txikiko bailara estuetan kokatutako eremuak aztertu dira, non hiri-bilbea, industria-bilbea eta bide-sarea elkarrekin garatzen diren. Aukeratutako inguruko industria-jarduerari dagokionez (Goierriko eta Urola Garaiko eta Erdiko bailarak aukeratu dira), Emisio eta Iturri Kutsatzaileen Espainiako Erregistroan (EPER) katalogatutako 11 industria daude, galdategiak eta altzairu-fabrikak gehienak. Ikerketa-taldean Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzako kideak, UPV-EHUkoak (Medikuntza eta Psikologia fakultateak) eta Biodonostia OIIko kideak daude.
Lortutako emaitzek lehen aldiz islatzen dute literaturan, haurdunaldian PM2.5-en eraginpean egoteak haurtzaroko garapen neuropsikologikoan dituen ondorioak. Honela laburbil daitezke emaitza nagusiak:
PM2.5-en efektua maila kognitiboan eta motorrean gertatzen da eta independentea da NO2-ren eraginpean egotean eragiten den efektuarekiko.
- NO2-ren efektua maila kognitiboan gertatzen da batez ere.
- Partikulen kasuan zein NO2-ren kasuan behatutako efektuak independenteak dira familien beste aldagai sozioekonomiko batzuekiko.
- Lehen aipatutako industria-jardueren inguruan bizi ziren emakumeen seme-alabengan efektua nabarmenagoa zela ikusi zen, bai garapen kognitiboan bai garapen motorrean.
- EPER industrietatik gertu bizi ziren emakumeengan arriskua handiagoa zela ikusi zen, behar bada aztertutako inguruetan MN eta PB edukia eta PM2.5-en metalen edukia beste eremu batzuetakoa baino altuagoa delako, baita eremu metropolitarretakoa baino altuagoa ere. Azterketa horrek iradokitzen duen bide bat Mn eta partikuletan dauden beste metal batzuk aipatutako industria-inguruetan behatutako efektuetan bete dezaketen funtzioan datza.
Lortutako emaitzei helduta, edoskitzeak, lau hilabetetik gora luzatzen bada, airearen kutsatzaileen eraginpean egotean eragiten diren kontrako efektuei aurre egiteko balio duela azpimarratu daiteke.





