Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Lankidetza Sailak, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko eta Osakidetzako Biogipuzkoa Ikerketa Sanitarioko Institutuak eta Donostialdea ESIak, Gipuzkoako Sendagileen Elkargo Ofizialeko Fundazioaren laguntzarekin, kulturarteko bitartekotza sanitarioa berritzeko proiektu pilotu bat aurkeztu dute. Proiektu horren helburua osasun arloko profesionalek eta jatorri kultural eta linguistiko desberdinetako pazienteen arteko komunikazioa hobetzeko tresna berriak aztertzea da.

Ekimena erabat pilotua, esperimentala eta ikerkuntzakoa da, eta Donostialdeako ESIan gauzatuko da. 2026. eta 2027. urteetan zehar, kultura arteko laguntza-eredu baten bideragarritasuna eta balizko emaitzak aztertzea du helburu, ondorengo edozein jarraitutasun edo garapen baloratu aurretik.

Proiektuak Gipuzkoako eta Euskal Herriko kultura eta hizkuntza aniztasunaren hazkundeari erantzuten dio. Ekimenaren dokumentazioan jasotako datuen arabera, 2022an atzerritar jatorriko 253.939 pertsona bizi ziren Euskadin, hau da, biztanleriaren % 11,5. Kopuru hori bikoiztu egin zen aurreko hamabost urteetan.

Proiektuaren abiapuntua da egiaztatzea hizkuntza- eta kultura-oztopoek zaildu egin dezaketela osasun-sistemarako sarbidea, diagnostikoak ulertzea, tratamenduen jarraipena egitea eta pazienteen eta profesionalen arteko konfiantza-harremana. Osasun-arloan, komunikazioak terminologia espezializatua erabiltzen dute eta errore-marjina txikia da, Informazio osatugabea edo edo gaizki ulertua izateak odorioak izan ditzake bai pertsonen osasunean, baita baliabide publikoen erabilera egokia ez egitean ere.

Emaitzei esker, ereduak asistentzia-komunikazioa hobetzen, osasun-informazioa ulertzen eta migratzaileek osasun-sistemarako sarbide eraginkorra izaten laguntzen duen zehaztu ahal izango da. Ebaluazio horren ondoren bakarrik atera ahal izango dira ondorioak haren erabilgarritasunari, mugei eta balizko bilakaerari buruz.

Goizane Alvarez foru diputatuak azpimarratu duenez, “proiektua sortu da pertsona guztiak duintasunez artatuko dituen osasun publikoaren defentsan oinarrituta, pertsona horien jatorria, hizkuntza edo egoera ekonomikoa edozein izanik ere”.

Itziar Vergara Biogipuzkoako zuzendari zientifikoak azaldu duenez, “osasun-erakundeek, beren zerbitzu-zorroan zer prozedura eta teknologia berri sartu behar diren erabakitzeko, erabaki hori babestuko duten ebidentzia sendoak izan behar dituzte. Osasun-ikerketako institutuek ebidentzia hori sortzen duten ikerketa eta berrikuntza proiektuei estaldura ematen diegu, eta erakundeei laguntzen diegu erabakiak hartzeko prozesuan. Kasu honetan, antolaketa-berrikuntzako proiektu bat da. Proiektu hori asistentzia-profesionalek identifikatutako premia batetik sortu da, eta horren erantzuna erakundeen arteko lankidetzaren bidez lortu nahi izan da, bereziki GFArena, pertsonen gaikuntzaren eta pazienteei eskainitako arreta-prozesuaren aldaketaren bidez. Proiektu esperimentala denez, ebaluatu egingo da, eta emaitzak aztertu eta erakundeari aurkeztuko zaizkio. Aipatu ditudan zereginak (beharren azterketa, erantzunen eta kolaboratzaileen bilaketa, emaitzen analisia eta erabakiak hartzeko laguntza) Biogipuzkoa Institutuaren eta osasun-arloko ikerketarako euskal institutu guztien lan-ardatzetako batzuk dira“.

Bestalde, Harkaitz Azkune Donostialdea ESIko Gaixotasun Infekziosoen Zerbitzuko medikuak adierazi duenez, “gure eguneroko lanean gero eta ohikoagoa da hizkuntza eta kultura-hesiak dituzten pertsonak artatzea. Horrek zaildu egiten du prozesua, eta tratamenduekin bat ez etortzea, kontsultetan jarraipen irregularra egitea eta ospitaleratzeak beharrik gabe luzatzea dakar“. “Kulturarteko bitartekarien lana lagungarria da bai itzulpengintzan, bai kultura-desberdintasunak ulertzen, eta, horri esker, konfiantzazko lotura sor daiteke osasun-langileen eta Zerbitzuaren erabiltzaileen artean, laguntza-prozesua hobetzeko“, gaineratu du.

 

Prestakuntza espezializatua

Lehen fasean, gaztelania eta jatorrizko herrialde edo kulturari lotutako hizkuntza bat menperatzeaz gain, bitartekaritza-lanak egiteko gaitasuna duten pertsonen prestakuntza jaso da proiektuan.

Prestakuntzak kulturarteko bitartekaritzarekin, komunikazioarekin eta osasunaren arloko oinarrizko ezagutzekin lotutako edukiak jorratzen ditu. Helburua da parte-hartzaileek profesionalen eta pazienteen arteko ulermena bideratu ahal izatea, hitzez hitzeko itzulpenera mugatu gabe, testuinguru kultural eta sozial jakin batzuk interpretatzen ere lagunduta.

Proiektu pilotu honetan, osasun-arloko kulturarteko bitartekaritza ulertzen da, hizkuntza-oztopoek eta oztopo soziokulturalek osasun-sistemarekiko sarbidean eta harremanean dituzten ondorioak nola murriztu daitezkeen aztertzeko tresna gisa. Ez dituzte osasun-langileak ordezten, ez dute esku hartzen erabaki klinikoetan, eta ez dituzte ordezten lehendik dauden itzulpen-baliabideak.