Ez da ohikoa komunikazio- eta dibulgazio-taldeko kideak berrien protagonistak izatea; ohikoa ez den bezala zuzenean zuri, irakurle horri, zuzentzea. Oraingoan oinarrizko arau horiek apurtzen ditugu zurekin gure poza eta harrotasuna partekatzeko.

Gure lana bigarren planoan egiten dugu, itzal artean, zuei Biogipuzkoan egiten den zientzia gerturatzeko. Etengabe lan egiten dugu berriak idazteko, informazioa biltzeko eta ikertzaileekin testuak adosteko; aurrez aurreko ekitaldiak antolatzeko eta gauzatzeko, iruditegiak sortzeko, berriak eta ekitaldiak zabaltzeko, zuen ohiturak eta iritziak jasotzeko eta aztertzeko, edota zientzia gizarteratzearen garrantzia azpimarratzeko. Lan hau oharkabean pasa badaiteke ere, ezinbestekoa da gizartearen kultura zientifikoa sendotzeko, pentsamendu kritikoa praktikatzeko eta ebidentzietan oinarrituta erabakiak hartzen dituen gizarte bat eratzeko.

Zientziaren eta gizartearen artean egiten dugun zubi-lan hau ez dugu bakarrik egiten zientzia zuei gerturatzeko, baita ere zuen beharrak, ikuspuntuak eta eskarmentua egiten dugun ikerkuntzan barneratzeko. Hala, gurea bi norantzako zubi bezala irudikatzen dugu: ikertzaileak eta herritarrak lotzen ditugu, batak eta besteak gerturatzeko eta zientziaren bidea batera egiteko.

Hasieran esan dizugu pozik eta harro gaudela, egiten dugun zubi-lan horrek aitorpen berri bat jaso duelako: Fundación Española de Ciencia y Tecnología-k Kultura Zientifiko eta Berrikuntza-Kulturako Unitate bezala akreditatu gaitu berriro. Egiten ditugun dibulgazio-jardueren kopuru eta ezaugarriei esker, ezinezkoak litzatekeenak hamarnaka ikertzaileen borondatezko lanik gabe, jaso dugu aipamen hau, Estatuko Akademiako eta Ikerketako erakunde handien mailan jartzen gaituena.

Guretzat honakoa ez da helmuga bat, pizgarri bat baizik gure lana egiten jarraitzeko. Komunikazio- eta dibulgazio-taldeko lankideok konpromezu profesional eta etikoa dugu zientzia gizartearatzearekin. Halako lorpenekin Gipuzkoarrok merezi duzuen zubi sendoa garela berresten gaitu. Ziur egon, zubi hori izaten jarraitzeko erabakitasuna, ilusioa eta grina ditugu. Gonbidatuta zaude gurekin zubi hau zeharkatzera, egokien egiten zaizun kanal edo jardueraren bitartez. Irrikitan gaude gauzak batera egiteko. Bitartean, gure webgune, sare sozialetan eta antolatzen ditugun jardueraten aurkituko gaituzu.

Ziur laster elkar gaudela!