Biogipuzkoa Osasun Ikerketa Institutuko eta EHUko zenbait ikertzailek gidatutako nazioarteko ikerketa batean identifikatu dute MARCO deritzon errezeptorea gibel barneko kolangiokartzinoma (iCCA) tratatzeko itu terapeutiko izan daitekeela. Gibeleko minbiziaren forma erasokorrenetako bat eta pronostiko txarrena dutenetako bat da CCA, eta behazun-hodiei eragiten die. Hasierako fasean sintoma ez-espezifikoak dituenez, minbizia aurreratuta dagoenean diagnostikatzen da askotan, eta horrek zaildu egiten du tratamendua.
Ikerlanaren autore nagusia Aloña Agirre Lizaso da, eta arlo biomedikoan munduko argitalpen garrantzitsuenetako bat den Signal Transduction and Targeted Therapy aldizkarian argitaratu da. Biogipuzkoa OIIko Immuno-onkologia hepatiko taldeko arduradun eta EHUko ikertzaile María Jesús Perugorria doktorea eta Biogipuzkoa OIIko Gaixotasun Hepatikoen taldeko arduradun Jesús M. Bañales doktorea izan dira zuzendarikideak, eta gibel eta digestio-gaixotasunen CIBEReko ikertzaileak. Gibeleko minbizian, tumore-immunologian eta tumore-mikroinguruneko biologian espezializatutako estatuko eta nazioarteko zenbait taldek parte hartu dute ikerketan.
Emaitzek erakutsi dutenez, MARCO errezeptoreak funtsezko zeregina du tumorearen progresioan, immunoezabapenean eta tumorearen ondoriozko fibrosian, eta hori jakiteak aukera berriak sortzen ditu hain pronostiko txarra duen tumore honen kontrako estrategia immunoterapeutikoak garatzeko.
MARCOren eginkizuna tumore-immunoezabapenean
Azken urteotan egindako zenbait ikerlanek agerian utzi dute nolako garrantzia duen tumore-mikroinguruneak kolangiokartzinomaren garapenean eta progresioan. Tumoreen % 60k baino gehiagok profil immunologikoki “hotza” dute. Horrek esan nahi du T linfozito zitotoxiko gutxi dutela (batez ere horiek arduratzen dira minbizi-zelulak suntsitzeaz) eta erantzun immunitarioa ez dela gai tumoreari eraginkortasunez aurre egiteko.
Testuinguru horretan, ikerlan berri honek identifikatu du MARCO errezeptorea elementu giltzarria dela ingurune protumoral horren erregulazioan. Ikertaldeak frogatu du MARCO errezeptorea tumorearekin erlazionatutako makrofago-azpimota espezifiko batean espresatzen dela. Makrofago horiek tumorearen aurkako erantzuna moteltzen laguntzen dute, eta, ondorioz, minbizia bera eta tumorearen ondoriozko fibrosia handitzen laguntzen dute.
Gainera, paziente batzuen tumore-laginak aztertuta ikusi da MARCOren adierazpen handia duten tumoreak erlazionatuta daudela biziraupen txikiagoarekin eta tumore-ingurune erasokorragoarekin, zeinaren ezaugarriak baitira T zelulek disfuntzio handiagoa izatea, immunitate-sistemak gaixotasunari aurre egiteko zailtasun handiagoa izatea eta fibrosi gehiago agertzea.
Zenbait eredu aurreklinikotan lortu diren emaitzek erakusten dute, halaber, MARCOrik ez izateak babestu egiten duela gibel barneko kolangiokartzinoma garatzetik. Errezeptore hori ez zuten animalietan, fibrosi gutxiago eta tumore-mikroingurune immunoezabatzaile txikiagoa ikusi ziren. Gainera, makrofagoetan eta T linfozito zitotoxikoetan immunoezabapenarekin lotutako markatzaile gutxiago zituzten, eta horren ondorioz, biziraupena handiagoa izan zen, eta biriketako metastasi gutxiago garatu zituzten. Gainera, nabarmena izan da ikustea MARCOren aurka zuzendutako antigorputz bat (anti-MARCO) tratamenduan erabiltzeak tumorearen tamaina murriztu zuela animalia-ereduetan, eta horrek are gehiago indartzen du estrategia honen balio terapeutikoa.
Beraz, emaitzak ikusita, esan daiteke MARCO etorkizun handiko itu immunoterapeutikoa izan daitekeela gibel barneko kolangiokartzinomaren tratamenduan. Ikertzaileek azpimarratu dutenez, errezeptore hori blokeatzea lagungarri izan daiteke tumore-immunoezabapena alderantzikatzeko eta immunitate-sistemak minbiziari aurre egiteko duen gaitasuna indartzeko.
Carlos III.a Osasun Institutuak, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, AECCk, Ikerbasquek eta CIBEREHDek finantzatu dute ikerketa. Estatuko zenbait zentrok parte hartu dute, hala nola Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta Salamancako Unibertsitateak, CIBEReko Gaixotasun Hepatikoen eta Digestiboen arloaren izenean (CIBEREHD), bai eta nazioarteko zenbait erakundek ere, hala nola Vienako Medical University-k (Austria), Amsterdameko Vrije Universiteitek (Herbehereak) eta Mayo Clinic-ek (Rochester, AEB). CCAren Europako Erregistro Histologikoan dabiltzan zenbait ikertzaileren lankidetza ere izan du ikerketa honek.
Erreferentzia bibliografikoa:
Agirre-Lizaso A, Huici-Izagirre M, O’Rourke CJ, Zhuravleva E, Carpino G, Overi D, Urretabizkaia-Garmendia J, et al. MARCO promotes cholangiocarcinogenesis by inducing immunosuppression and its targeting reduces tumor growth. Signal Transduct Target Ther. 2026 Apr 29;11(1):158. doi: 10.1038/s41392-026-02657-w.





