Biogipuzkoa Osasun Ikerketako Institutuko Sexu Transmisiozko Infekzioak taldeak Chlamydia trachomatis infekzioagatiko baheketa-azterketa bat egin du edozein arrazoirengatik emaginaren/ginekologiaren kontsultara joaten diren sexualki aktiboak diren emakume gazteen artean. Amaia Cuñado, Maitane Arrastia eta Luis Piñeiro ikertzaileek eta Mendaroko Ospitaleko profesionalek egin dute lan hori, eta emaitzak Enfermedades Infecciosas y Microbiologia Clínica aldizkari zientifikoak argitaratu ditu.
Chlamydia trachomatis (CT) da sexu-transmisiozko infekzioen (STI) bakterio-kausa nagusia. Gizartean eta jokabidean izandako aldaketen ondorioz, intzidentzia (kasu berriak) handitu egin da azken urteotan, batez ere emakume gazteen artean. Infekzioa, hasieran, sintomarik gabekoa izan daiteke kasuen % 70ean baino gehiagotan; beraz, detektatzen ez denez eta tratatzen ez denez, sexualki aktiboa den biztanleriaren artean transmititu daiteke. Infekzioa emakumeen traktu genitourinariotik igo daiteke, eta denborarekin ondorio larriak eragin ditzake haien sexu- eta ugalketa-osasunean: salpingitisa (falopio-tronpen hantura), pelbiseko hanturazko gaixotasuna, pelbiseko min kronikoa, antzutasuna, haurdunaldiko konplikazioak eta jaioberriarekiko transmisio bertikala.
Nazioarteko gida nagusiek gomendatzen dute CT bidezko infekzioaren baheketa egitea haurdun dauden emakumeetan, eta urtero 25 urtetik beherako emakumeetan, sintomarik gabeko infekzioa detektatzeko eta ondorioak eragin aurretik tratatu ahal izateko. Prebentzio-estrategia hori inplementatzeko, beharrezkoa da aldez aurretik tokiko prebalentziaren (gaixotasun bat duten pertsonen proportzioa) azterketak egitea; izan ere, kostuaren ikuspegitik infekzio-mota horietan baheketa eraginkorra izan dadin, prebalentziak >%1-3 izan behar du, eta xede-biztanleriaren estaldura/atxikidura (baheketan parte hartzen duten pertsonak) >%70.
Gipuzkoan, prebalentzia aldez aurretik aztertu ondoren, 2016. urteaz geroztik CT infekzioaren baheketa egiten da 30 urtetik beherako emakumeen artean haurdunaldiaren lehen hiruhilekoko kontrolean. Baheketa horrek urtero %3-4 kasu positibo detektatzen ditu, eta estaldura >%80ra iristen da.
Aurreko guztia kontuan hartuta, ikerketa berri hau planteatu zen, Debabarrena eskualdeko haurdun ez dauden emakume gazteen artean CT infekzioaren prebalentzia eta ezaugarri kliniko-epidemiologikoak aztertzeko.
Horretarako, eta lau urtez, CT bidezko infekzio-baheketa eskaini zitzaien Mendaroko Ospitaleko (Gipuzkoa) emagin/ginekologiaren kontsultara edozein arrazoirengatik joan ziren 18-35 urteko emakumeei. Baimena eman ondoren, inkesta kliniko-epidemiologiko bat bete zen, eta lagin genital bat lortu zen. Lagin hori Mikrobiologia Zerbitzuan aztertu zen, CT detektatzeko, PCR teknika komertzial batekin. Kasu positiboetan, Barne Medikuntzako/Gaixotasun Infekziosoetako STI kontsultan emakumeei hitzordua eman zitzaien emaitzak azaltzeko, anamnesi oso bat egiteko (elkarrizketa klinikoa informazio mediko garrantzitsu guztia biltzeko), lagin berriak lortzeko beste balizko STI batzuen azterketa osatzeko, tratamendua agintzeko, bikotekideen azterketa gomendatzeko eta jarraipen-kontrola egiteko.
Guztira, 558 emakumek parte hartu zuten azterlanean (18-25 urteko 412k, 26-30 urteko 60k eta 31-35 urteko 86k), ospitalean artatutako adin horretako emakumeen %9k eta parte hartzeko eskaintza egin zitzaien emakumeen % 90ek baino gehiagok. Horietatik, %15ek STIen sintomaren bat izan zuten. Infekzioaren prebalentzia orokorra %7,3 izan zen: 18-25 urtekoetan %9,0, 26-30 urtekoetan %5,0 eta adin horretatik gorakoetan %1,2. Infekzioa nagusiagoa izan zen zenbat eta gazteagoa izan, STI sintomak zituzten emakumeen artean, sexu-kontaktu gehiago izan eta preserbatiboa modu irregularrean erabiltzen zutenen artean.
Horrenbestez, lan honen emaitzek nabarmentzen dutenez, beharrezkoa da sexu-hezkuntza indartzea eta baheketa-programak ezartzea, CT bidezko infekzioa prebenitzeko eta kontrolatzeko emakume gazteen artean (25 urtetik beherakoak edo 30 urte artekoak, tokiko prebalentziaren arabera). Era berean, erakusten dute edozein arrazoirengatik emaginaren/ginekologiaren kontsulta batera joaten diren 25-30 urtetik beherako emakumeen CTko infekzioaren baheketa oportunista egitea prebentzio-neurri egokia dela STIen intzidentziaren hazkundea kontrolatzeko, biztanleria horretan atxikidura handia lortzen duten eta haien kostu-eraginkortasuna bermatzen duten populazio-programen alternatiba edo konbinazio gisa, osasunean izan ditzakeen ondorioak murrizteko. Hala, lan horrek eragin bikoitza izan dezake pazienteengan. Alde batetik, STIen kontrola eta horrek izan ditzakeen ondorioen garrantziaz jabetzeko eragin pedagogikoa. Bestalde, asistentzia-kalitatearen eta prebentzioaren pertzepzioa emakumeen osasunean.
Ikerketa-taldeak nabarmendu duenez, “lan honen emaitzak argitaratzeak aukera ematen du osasuneko hainbat profesionalen (Barne Medikuntza/Gaixotasun Infekziosoak, Ginekologia, Erizaintza/Emaginak, Mikrobiologia, Epidemiologia eta Osasun Publikoa) arteko lankidetza- eta sinergia-ekimen ikertzaileak bistaratzeko. Ekimen horiek gure inguruko STIen egoera epidemiologikoa deskribatzen dute, eta aztertu diren eta kostu-eraginkorrak diren neurriak asistentzia-errutinan ezartzea justifikatzen dute. Horrek guztiak STIetan prebentzio-estrategia berriak esploratzen jarraitzera bultzatzen gaitu, esposizio handieneko biztanleei irismena zabaldu ahal izateko“.
Ikerketa hau Osakidetzaren “Botton up” proiektuen deialdiaren bidez (17BU701 kodea) lortutako baimenarekin eta finantzaketarekin egin zen.





