Zahartzearen mekanismo genetikoei buruzko iritzi-artikulu bat argitaratu eta nabarmendu du Trends in Genetics aldizkari garrantzitsuak, zeinean Ander Izeta (Ehun-ingeniaritzako taldeko burua) eta Olga Ibáñez-Solé (talde bereko kidea) lankideek parte hartu duten. Artikulu honetan, Izetak, Ibáñez-Solék eta Herbehereetako, Alemaniako eta Estatu Batuetako beste hiru taldetako ikertzaileek gogoeta egiten dute geneen funtzionamenduaren eta zahartzearen arteko erlazioari buruz, hainbat metodo erabiliz lortutako ondorioetan oinarrituta.
Artikulu honetan, proposatu egiten dute zahartzeak “zahartze-gene” espezifikoekin zerikusi gutxiago duela eta gehiago gene baten luzerarekin. Ikertzaileek diotenez, zahartzearekin lotutako aldaketa askoren jatorria izan liteke gene luzeen funtzioaren gainbehera. Adinean aurrera egin ahala, gene luzeen adierazpena murrizten dela ikusi da animalia askotan, zizaretatik hasi eta gizakietaraino, hainbat giza zelula eta ehun motetan, baita gaixotasun neurodegeneratiboak dituzten gizabanakoetan ere. Saguekin egindako esperimentuek erakusten dute gertaera hori mugatu daitekeela zahartzearen aurkako faktore ezagunen bidez, murrizketa dietetikoa barne.
Zahartzeari buruzko ikerketa asko zahartzea azkartu edo atzeratu dezaketen gene espezifikoetan zentratu badira ere, zahartzeak zehazki zer genek eragiten duten jakiteko ikerketek ez dute eredu argirik eman funtzio biologikoari dagokionez. Hala, suszeptibilitatea geneen luzerarekin lotuta dagoela dirudi.
“Luzaroan, zahartzearen eremua zahartzearekin lotutako geneetan oinarritu da, baina gure azalpena da askoz ausazkoagoa dela: fenomeno fisikoa da, geneen luzerarekin lotua, eta ez gene espezifikoekin edo gene horien funtzioarekin”, azaldu du Ander Izeta gure lankideak.
Oinarrian, guztia zorira murrizten da, gene luzeek kalte egin dezaketen leku potentzial gehiago baitituzte. Ikertzaileek errepideko bidaia batekin alderatzen dute: bidaia zenbat eta luzeagoa izan, orduan eta aukera gehiago dago zerbait gaizki ateratzeko. Eta zelula mota batzuek gene luzeak beste batzuek baino gehiago adierazten dituztenez, litekeena da zelula horiek kalteak metatzea DNAn zahartu ahala. Jakina da zelula neuronalek gene bereziki luzeak adierazten dituztela, eta horiek ere motelak direla edo ez direla zatitzen; beraz, fenomeno hori gertatzeko arrisku handia dute neuronek. Hala, ikertzaileek nabarmentzen dute zahartzearen eta neurodegenerazioaren arteko lotura.
Egileek uste dute gene luzeei egindako kalteak zahartzearen ezaugarri gehienak azal ditzakeela, zahartzearen azeleragailu ezagunekin lotuta dagoelako eta zahartzearen aurkako terapia ezagunen bidez arintzen delako, besteak beste, murrizketa dietetikoa (frogatuta dago kaltea DNAri mugatzen diola).
Hala ere, gene luzeen adierazpenaren gutxitzearen eta zahartzearen arteko loturaren ebidentziak egon arren, oraindik ere kausa frogatzeke dago. “Jakina, inoiz ez dakigu zer izan zen lehena, arrautza edo oiloa, baina lotura estua ikus dezakegu fenomeno horren eta zahartzearen ezaugarri ezagun askoren artean”, gehitu du Izetak.
Etorkizuneko azterketetan, ikertzaileek sakonago ikertu nahi dituzte fenomenoaren mekanismoa eta haren ondorio ebolutiboak, eta neurodegenerazioarekin duen erlazioa aztertu.
Cell Pressek erraztutako materialean oinarrituta







