Maiatzaren 23an ospatzen den Melanomaren Munduko Eguna dela eta, Biodonostian minbizi mota hori prebenitzeak duen garrantzia azpimarratu nahi dugu, baita arlo horretan egiten ari garen ikerketa-lanari balioa eman ere.

Melanoma melanozitoak izeneko zelula batzuetan jatorria duen tumore bat da. Zelula hauek melanina sortzen dute, gure azalari kolorea ematen dion pigmentua dena eta izpi ultramoreetatik babestea ahalbidetzen duena.

Melanoma gehienak eguzkiaren eraginpean dagoen azalean gertatzen dira. Kasu gehienetan, erradiazio horrek eragindako kalteek gure gorputzak sistema immunearen bidez konpontzeko duen gaitasuna gainditzen dutenean agertzen da.

Larruazaleko melanoma Espainian diagnostikatutako minbizi moten %4 eta %10 artekoa da. Espainiako Onkologia Medikoaren Elkartearen (SEOM) datuen arabera, Espainian, urtean 6.179 larruazaleko melanoma kasu berri diagnostikatzen dira.

Biodonostiako Onkologia Molekularreko taldea melanoma-proiektuetan ari da lanean 2015etik. Gure interes berezia odolean detektatu daitezkeen molekulak identifikatzea da, hau da, biopsia likidoak. Biopsia likidoei esker, sintomarik gabeko pertsonak detekta daitezke, eta pazienteen jarraipena egin daiteke, bai tratamenduei erantzutean, bai gaixotasunaren progresioan, inbasio gutxieneko teknika horrekin.

Onkologikoarekin, UPV-EHUrekin, Madrilgo 12 de Octubre Ospitalearekin, Bartzelonako Hospital del Mar Research Institute-arekin (IMIM) eta University of Oxford NHS Trust Hospitalekin elkarlanean egindako azterlan batean, melanoma zuten 96 pazienteren odol-laginak eta 28 kontrol osasuntsu bildu ziren. Lagin horiek erabiliz, RNA molekulak identifikatu ziren, melanoma zuten pazienteen eta kontrol osasuntsuen artean desberdinak zirenak. Era berean, desberdintasunak identifikatu ziren lesio onberak zituzten pazienteen eta minbizia zutenen artean, bai eta gaixotasuna estadio aurreratuan zuten pazienteen eta estadio ez hain aurreratuan zuten pazienteen artean ere. Ikerketa horren emaitzak Cancer aldizkarian argitaratu ziren 2019an, eta, proiektu horrek sortutako informazioa erabiliz, gaur egun molekula gehiago ikertzen jarraitzen dugu, eta Eusko Jaurlaritzak finantzatutako eta EHUk zuzendutako Elkartek ekimenaren parte gara, gure aurkikuntzak datu klinikoekin eta irudien informazioarekin integratzeko.