Urriaren 10ean ospatzen den Osasun Mentalaren Munduko Eguna dela eta, Institutuan arlo honetan egiten den ikerketari buruz gehiago jakin nahi izan dugu. Horretarako, Osasun Mentaleko eta Asistentzia Psikiatrikoko Taldera jo dugu, zeinaren zuzendarikideak Andrea Gabilondo Cuellar eta Álvaro Iruin diren, egiten duten lana ezagutzeko.
Osasun Mentalaren zer alderdi ikertzen dituzue?
Hainbat ikerketa lerro ditugu. Ikuspegi klinikoa du nagusiki, eta helduen eta haur eta gazteen maneiu klinikoaren eta prebentzioaren zenbait alderditan zentratzen da. Beste lan-ildo batzuek interes bereziko patologien analisi epidemiologikoarekin eta osasun-kudeaketarekin lotutako alderdiak barneratzen dituzte; kasu honetan, asistentzia-baliabideen erabileraren eraginkortasuna hobetzera bideratuta daude. Adibide gisa, osasun mental perinatala, suizidioaren prebentzioa, lehen gertakari psikotikoak edo nortasunaren mugako nahasmendua bezalako arloetan laguntza-programen funtzionamendua diseinatu dugu eta ebaluatzen ari gara.
Zertan hobetu dezake horrek pazienteen bizi-kalitatea?
Hauek dira ikerketa-talde gisa definitu ditugun helburuak:
- Patologia mentalaren prebentzioa eta tratamendu eraginkorragoa ahalbidetzen duten esku-hartze berriak diseinatzea eta ebaluatzea.
- Helduen eta haur eta gazteen osasun mentalaren arrisku-faktoreak eta babes-faktoreak ezagutzen laguntzea.
- Osasun mentaleko zerbitzuen antolaketaren alderdiak ezagutzen laguntzea, zerbitzu horiek hobeto funtziona dezaten.
Hemendik ondoriozta dezakegu espero dugula osasun mentaleko arazoetarako tratamendu berriak eta hobeak garatzen laguntzea, gaixotasun mentala eragiten duten faktoreak eta gaixotasun horretatik babesten gaituztenak hobeto ezagutzea. Gainera, espero dugu asistentzia-zerbitzuen antolaketa hobetzea gaixotasun mentala duten pertsonentzat, haien familientzat eta gizartearentzat, erabilgarriagoak izan daitezen.
Zer sentitzen duzue horrelako ikerketak egitean?
Gizartearekiko konpromisotik eta ilusiotik egiten da ikerketa-lana. Osasun arloko profesionalak garen aldetik, osasun mentaleko arazoak arintzeko ezagutza erabilgarria sortzen lagundu behar dugula uste dugu, eta lan hau ilusioz egiten da, denborak eta egindako ahaleginak norabide horretan emaitzak emango dituen konfiantzaz.






