Urriaren 15ean Osakidetzaren Biodonostia OIIk 1.100 euro jaso zituen Juanma Lorenzok idatzitako Nunca abraces a los ángeles la primera vez que los veas liburua babestu duten pertsona eta erakunde guztien izenean. Horrela bete da egileak argitalpenaren kostuaren gainetik dohaintzen edo ekarpenen bidez lortutako superabita ikerkuntza medikoan diharduten eta donazioaren mezua hedatzen duten irabazi asmorik gabeko erakundeei emateko hartutako konpromisoa.
Biodonostiak gaixotasun hepatikoen eta gastrointestinalen ikerketa-proiektuak garatzen jarraitzeko izango den ekarpen horrekin, Juanma Lorenzok Institutuak egiten duen lanari lagundu nahi izan dio.
Biodonostiak eta Donostialdea ESIk urteak daramatzate gibelari eragiten dioten hainbat gaixotasunen oinarrizko ikerketaren eta ikerketa translazionalaren arloan lankidetzan, gaixotasun esanguratsuenak izanik, besteak beste, behazuneko minbizia (edo kolangiokartzinoma), kartzinoma hepatozelularra (HCC), gibel koipetsu ez-alkoholikoa (NAFLD), kolangitis esklerosatzaile primarioa (PSC) edo gibeleko eritasun polikistikoa. Patologia horiek guztiek gibela transplantatu beharra eragin dezakete.
Idazle gazte honek gertutik ezagutu du esperientzia gogor hori, gibeleko transplantea bi aldiz egin behar izan baitiote, azkeneko aldiz 2018ko apirilean. Egilearen hitzetan “liburuaren bigarren edizioa ospitaleko (Donostia eta Gurutzeta) geletako lau hormen artean sortu da, gibeleko bigarren transplantearen aurretik eta ondoren ospitaleratuta egindako ehun eta berrogeita hamar egunetan”. Liburu honekin organoen eta hezur-muinaren donazioen mezua hedatu nahi izan da, eta, aldi berean, gizarte osoari transplanteak zer suposatzen duen azaldu nahi izan zaio, behar bezala uler dadin, eta transplantea eginda duten pertsonak ohituraz kirola egitera bultzatu nahi izan dira. “Protagonistak transplantea egindako pertsonak dira, baina horiek bezain protagonista dira donanteak eta horien familiak”, adierazten du.
Juanma Lorenzo Biodonostiara hurbildu zen donazioaren txeke sinbolikoa ematera, eta bertatik bertara ezagutu ahal izan zituen Institutuan egiten den lana eta gaixotasun hepatikoen inguruan egiten ari diren ikerketa-proiektuak. Harrera egin zioten Julio Arrizabalagak, Biodonostia OIIko zuzendariak, eta Luis Bujandak, Biodonostia OIIko Gaixotasun Hepatiko eta Gastrointestinalen Ikerketa Arloaren arduraduna eta Donostialdea ESIko Digestio Ataleko mediku espezialista denak, eta haiekin batera izan zen adierazitako ikerketa-arloan Gaixotasun Hepatikoen Taldearen buru den Jesús Bañales ikerbasque ikertzailea ere. Guztiek eman zioten eskerrak egindako donazioagatik, eta adierazi zioten ekarpen guztiak direla ongietorriak patologia horiekin lotutako ikerketa-proiektuei jarraipena emateko. Aldi berean, adierazi zuten garrantzizkoa dela institututik egiten den ikerketa-lana ikusaraztea ere.
Proiektuaren Facebookeko orria: https://www.facebook.com/nuncaabraces/








