Jardunaldia ikuspegi bikoitzarekin planteatu zen: enpresen garapen teknologikoa eta osasunaren arloko profesionalen kudeaketa eta jarduna.
Joan den azaroaren 13an egin zen Biodonostia Osasun Ikerketako Institutuak eta Donostialdea ESIk antolatutako kirurgia-berrikuntzako jardunaldia. Jardunaldiaren helburua izan zen elkarlan publikoaren eta pribatuaren ondorioz kirurgiaren alorrean lortzen ari diren aurrerapenekin lotutako esperientziak partekatzea eta, hartara, balizko proiektu berritzaileetan elkarlana sustatzea.
Donostialdea ESIko gerente Jose Manuel Ladrón de Guevara doktoreak eta Biodonostia Osasun Ikerketako Institutuko zuzendari zientifiko Julio Arrizabalaga doktoreak aurkeztu zuten jardunaldia. Jardunaldiaren lehen zatian, 6 enpresa handitako ordezkariek hartu zuten parte: Siemens, Philips Healthcare, Covidien-Medtronic, BQ, T-Systems eta Medical Simulator. Enpresa horietako ordezkariak 3D inprimaketarekin lotzen diren produktuen edo zerbitzuen, laparoskopia-teknologia berrien edo kirurgia-tresnerien prestakuntzaren arloko esperientziez mintzatu ziren.
Ondoren, kirurgia-berrikuntzako esperientziak aurkeztu ziren, eta Adolfo Beguiristain doktoreak moderatu zuen saioa. Lehenik, Alberto Centeno jaunak (A Coruñako Xerencia de Xestión Integrada Prestakuntzako Zentro Teknologikoko zuzendariak) eta José Noguera doktoreak (A Coruñako CHUACeko Kirurgia Orokorreko eta Digestiboko Zerbitzuko buruak) A Coruñako Xerencia de Xestión Integrada Prestakuntzako Zentro Teknologikoko Kirurgia Esperimentaleko Unitatea sortzearen esperientzia azaldu zuten, baita produktua garatzean izandako kasu arrakastatsu bat ere. Gero, Donostia Unibertsitate Ospitaleko Toraxeko Kirurgia Zerbitzuko laguntzaile Jon Zabaleta doktoreak Donostialdea ESIren barruan arlo horretan egiten ari den lana azaldu zuen.
Jardunaldiari amaiera emateko, networking-saio bat egin zen, eta bertan parte hartu zuten kirurgialariek xehetasun handiagoz ezagutu ahal izan zituzten saioetan enpresek zein gainerako hizlariek aurkeztutako gaiak.














