José Félix Martí Massó doktoreak, Biodonostia OIIko ikertzaile eta Donostia Unibertsitate Ospitaleko neurologia zerbitzuko buru denak, 2014 Euskadi Ikerketa Saria jaso du. 2014an Zientzia eta Teknologiaren arloan profesionalek egiten duten lana saritu nahi izan da. Biodonostia OIIk aurkeztu zuen Martí Massó doktorearen hautagaitza.
Euskadi Ikerketa Sariaren xedea da jarduera zientifikoa sustatzea eta ikertzaile eta ikertzaile-talde kualifikatuek Euskal Autonomia Erkidegoan edo autonomia-erkidegotik kanpo egiten duten lana eta ahalegina indartzea, ezagutzera ematea eta baloratzea, Euskadin izandako eragin positiboa nabarmentzeko. Hezkuntza, Hizkuntz Politika eta Kultura Sailak urtero deitzen ditu Euskadi Ikerketa Sariak. Urte bikoitietan Zientzia eta Teknologiaren arloko profesionalen lana aitortzen da eta urte bakoitietan, berriz, Gizarte Zientzien eta Giza Zientzien arloko lana. Sariak 40.000 euroko zuzkidura ekonomikoa du.
Martí Massó doktoreak urteak daramatza ikertzaile gisa eta laguntzaile eta irakasle gisa lanean. Makina bat argitalpen eta proiektutan parte hartu du. Horietako askok eragin handia eduki dute pazienteen egoeraren hobekuntzari dagokionez. Besteak beste aipa daitezke: zinarizina bidezko parkinsonismoari buruzko Medikuntza Klinikoaren lana, edo pseudomigraina pleozitosidunaren sindromea deskribatzen duten lanak, edo bere doktoretza-tesia egitera bultzatu zutenak. Lan horietako bat aitzindaria izan zen Europan carbidopa-levodopa farmakoaren erabileran, eta gaur egun ere farmako hori da Parkinson gaixotasunaren tratamenduan erabiltzen den farmako nagusia.





