Instituto de Salud Carlos III-k IMPaCT izeneko egitasmoa abiatu zen doaitasunezko medikuntzan sakontzeko asmoarekin. Hala, hainbat ikerketa eta ekimen martxan jarri zituen, besteak beste, IMPaCT kohortea. Kohorte bat da epe luzera jarraipena egiten zaien pertsona multzo bat eta IMPaCT kohortearen kasuan, jarraipen hori osasuna baldintzatzen duten faktoreak hobeto ezagutzeko jarri da martxan. Jarraipen hori 20 urteetan zehar egingo da eta hainbat datu mediko, biologiko eta soziodemografikoak jasoko dira. Estatu Espainolean 200.000 pertsonak parte hartzea da bere helburua. Pertsona guzti horien datuekin espero da osasuna baldintzatzen duten faktoreen ezagumenduan sakontzea eta, ondorioz, herritarren ongizatea hobetzea, osasun sistermaren esku-hartzea bakoitzaren ezaugarri indibidualetara egokitu ahal izango baitira.

Gipuzkoan, IMPaCT kohortearen koordinazioa Biogipuzkoatik egingo da, Lehen arretako ikerkuntza-taldetik, hain zuzen ere. IMPaCT Nodoaren ikertzaile nagusa Rafael Rotaeche da, talde horretako burua. Gipuzkoaren kasuan, helburua da 4.000 pertsonek parte hartzea eta, horretarako beharrezkoa izango da urtero 800 pertsonek parte hartzea. Hala, bolondresen bilaketa Pasaiatik hasi da eta herritarrekin telefonoz harremanetan jarri dira IMPaCT kohortean parte hartzera gonbidatzeko.

IMPaCT kohortean parte hartzea sustatzeko, pasaden urtarrilaren 12an Pasaiako Udaletxean prentsaurreko bat eman zuten Teo Alberrok (Pasaiko alkateak), Itziar Vergarak (Biogipuzkoa OIIko Zuzendari Zientifikoak), Rafael Rotaechek (Gipuzkoako IMPaCT nodoaren arduraduna eta Biogipuzkoa OIIko Lehen arretako buruak) eta Xabi Sanzek (Pasai San Pedro Bidebietako Lehen Arretako Unitatearen buruak).

Alkateak nabarmendu du ikerketan parte hartzen dutenek “xehetasun handiko osasun-azterketak” egingo zaizkiela, besteak beste, test kognitiboak,  azterketa fisiko eta funtzional sakon bat, elektrokardiograma bat edo ekokardiograma bat. Aurreikusi da parte hartzaileek behaketen laburpen bat jasotzea. Horrez gain, jakina, taldeak osasun-arreta behar duen edozein aurkikuntzaren berri emango diete parte-hartzaileei eta bere osasun zentruan artatuko direla.

“IMPaCT azterlana Espainian tamaina handieneko kohorteen proiektua da”, nabarmendu du Itziar Vergara Biogipuzkoako zuzendari zientifikoak. Eskerrak eman dizkio arduradunak Pasaiako Udalari proiektuaren zabalkundean eskainitako laguntzagatik: “Udalaren zeregina funtsezkoa da Pasaiako herritarren parte-hartzea lortzeko, eta ziur gaude, beste batzuetan bezala, pasaitarrek eskuzabaltasunez erantzungo diotela IMPaCTen parte hartzeko egiten diegun deiari”.

Rafael Rotaechek, Gipuzkoako nodoaren ikertzaile nagusia izaki, Pasaiako azterlanari buruzko xehetasunak eman ditu: “Hautaketa prozesua ausazkoa da, eta biztanleria datuekiko proportzionala”. Pazienteen parte hartzearen sustapena bost urtez luzatuko da eta jarraipena 20 urtez egingo da. Gipuzkoako nodoan urtero 800 boluntario sartuko dira. “Pasaiako parte-hartzaileen urteko banaketa 160 boluntariokoa izango da San Pedro eta Trintxerpe artean, 104koa Antxon eta 32koa Donibanen. Altzako 296, Lezoko 96 eta Bidebietako 112 gehituta, urtean 800 horien helburua lortuko dugu”.

“Espazioa errazteaz gain, gure zentroak modu estuan laguntzen die IMPaCT teknikariei”, zehaztu du Xabier Sanz anbulatorioko unitateburuak. Administrazioko langileek pazienteei informazioa eman eta zalantzak argitzen dizkiete. “Beharrezkoa da lankidetza hori balioan jartzea, eta are gehiago osasun zentroontzako hain zailak izaten ari diren garaiotan”.

Hortaz, ezinbestekoa da behin deituta, norbanakoek parte hartu dezaten. DEITZEN BADIZUTE,ZATOZ!