Aurten ere Biodonostia OIIak aktiboki parte hartu du Emakumeak Zientzian ekimenaren antolaketan. Ekimen horrek emakume zientzialarien papera ikusarazteko jarduera-programa oso bat aurkeztu du.

Institutuaren egoitzak programatutako horietatik bi jarduera hartu ditu, harrera ezin hobea izan dutenak. Alde batetik, otsailaren 15ean, Biodonostia OIIn, publiko orokorrari zuzendutako “Nola detektatu Covid-19a?” hitzaldi-tailerra egin da, COVID-19a detektatzeko laborategiko teknika nagusiak ezagutarazteko.

Donostia Unibertsitate Ospitaleko Mila Montes mikrobiologoaren eskutik, parte-hartzaileek lehen pertsonan ezagutu ahal izan dute Covid proben atzean dagoen jarduera zientifikoa. Modu errazean azaldu du Milak nola egiten den Covid 19ak eragindako pertsonen diagnostikoa; horrez gain, proba diagnostikoen prozedurak ezagutarazi ditu (PCR, antigenoak, antikuerpoak), eta diagnostikoaren eta teknika on baten garrantzia azpimarratu du. Mila Montesen hitzaldiaren ondoren, galderak egiteko garaia heldu da, eta bertaratutakoen interesa batez ere pandemia honetan norantz jotzen dugun eta etorkizuneko eszenarioak zeintzuk izan daitezkeen azterketan gauzatu da.

Bestalde, otsailaren 16an, Biodonostian, “Nire etorkizuna zientzialari gisa” mahai-ingurua egin da. Topaketa horretan, sei zientzialarik beren ikerketa-ibilbidea nola egiten duten jakitera eman dute, bertan aurkitu dituzten erraztasun eta zailtasunei buruz hausnartuz. Mahai-inguru honen helburuetako bat izan da senior zientzialariak inspirazio-iturri izatea gaur egun doktore-tesia egiten ari diren ikertzaile gazteentzat, eta, besteak beste, biomedikuntzaren arloan dauden aukera profesionalei buruz hitz egitea. Hizlarien askotariko profilak lagundu du karrera zientifikoa bideratzerakoan hainbat aukera egotearen ideia hori sendotzen, eta, gainera, beren ikerketa-jarduerari lotutako dibulgazio zientifikoko lana ikusarazten lagundu du, haien ibilbideko elementu garrantzitsu gisa, zalantzarik gabe.

Jardunaldiari hasiera eman diotenean, Biodonostiako María Caffarel eta Lorea Blázquez ikertzaileek, mahai-inguruaren koordinatzaileek, eskerrak eman dizkiete ekimena bultzatu zutenei eta Emakumeak Zientzian 2020 ekimenaren erakunde antolatzaileei. Ondoren, beren esperientzia pertsonala aurkeztu dute: CIC biomaGUNEko Irantzu Llanerak, CFMko Idoia Mugica Mendiolak, Viralgen Vector Coreko Alba Mateosek, Onena Medicineseko Maider Zabalak -enpresako CSO eta sortzaileetako bat-, PLOS Biologyko editore burua den Nonia Parientek eta Amaia Cipitriak, Biodonostiako Bioingeniaritza Birsorkuntzan eta Minbizian Taldeko buruak.

Aipatutako jarduerak hartzeaz gain, Institutuko hainbat ikertzaileek programatutako beste jarduera batzuetan parte hartu dute.

Hala, Sara Manzano Institutuko Bularreko Minbiziaren taldeko biokimikariak Zinema eta Zientzia zikloan parte hartu du, minbiziaz eta gaixotasun honen ingurukoez hitz eginez Hope filmaren emanaldian. Bestalde, Olga Ibañezek, Institutuko ikertzailea bera, Emakume zientzialariak atzo eta gaur hitzaldi-aurkezpenean parte hartu du. Bertan, beste bost ikertzailerekin batera, gaur egun egiten duen ikerketa-jarduerari buruz hitz egin zuen, historiako beste hainbat zientzialari handi omenduz.

Emakumeak Zientzian ekimenean hainbat publikori zuzendutako jardueren helburua emakumeek zientzian egiten duten lana ikusaraztea eta mezu argia helaraztea izan da: zientzia bada nesken kontua.

Biodonostiako jardunaldien grabazioak ikusteko:

Gaia: “Nola detektatzen da Covid-a” 
Grabazioaren esteka: https://us06web.zoom.us/rec/share/tpDClYFC2oaT8uC1tDKBGjzVFrFoGpE9an6KaqJCW9bKhmjueFOy3ssiLyV2zBEp.9M-afIagItIC7Pkr
Pasa hitza: $Pu1SC#r

Gaia: “Nire etorkizuna zientzialari gisa”
Grabazioaren esteka: https://us06web.zoom.us/rec/share/XfkCQqWXlpiTtNXU1QvCjoUqtYlAgVLbcJk3CcLoy3ADhkMMNpE90q9mszTswAI3.GHMUcks9PUJqKN6D
Pasa hitza: RNCwjd3@