Biodonostia OII – Donostialdeko ESIko ikertzaile eta onkologoek, hala nola proiektuaren koordintzaile Jesús Bañales doktoreak CCAren europako lehen datu-basea osatzen parte hartu dute. Datu-base honek hainbat ezagutza ekarri ditu, sentsibilizazioa areagotu eta gaixotasunaren kudeaketan emaitzak hobetzeko aukera ematen dutenak. Ikerlan hau Journal of Hepatology aldizkari ospetsuan argitaratu da.
Behazun-hodietako minbizia edo kolangiokartzinoma (CCA) ezohiko minbizi mota bat da, arraro esaten zaien horietakoa (haren intzidentzia gora egiten ari bada ere), eta gehienetan metastasiarekiko fase aurreratu batean diagnostikatzen dena.
Dagoeneko martxan den Europako datu-base honi esker, gaixotasuna tratatzen duten ikertzaileek, onkologoek eta beste hainbat profesionalek datu-base horretako datuak erreferentziatzat hartuta aztertu eta baloratu ahal izango dituzte pazienteak.
Orain arte egin den nazioarteko behaketazko ikerketarik zehatzena da, non Europako 11 herrialdetako erreferentziazko 6 ospitaletan diagnostikatutako 2.200 paziente baino gehiago ebaluatu diren. Tumore mota bakoitzak diagnostikoaren unean dituen ezaugarri orokorrak eta espezifikoak alderatu dituzte, bai eta arrisku-faktoreak identifikatu, biomarkatzaileak zehaztu, Osasunaren Mundu Erakundeak jatorri anatomikoaren arabera (intrahepatikoa, perihiliarra edo distala) egindako azken sailkapenean zehaztutako hiru azpimoten arteko antzekotasun eta desberdintasunak aztertu eta pazienteen maneiu klinikoari eta emaitzei buruzko alderaketa egin ere.
Emaitzek iradokitzen dutenez, CCAren tumoreen behazun-hodietako kokapenak lotura du arrisku-faktore eta ezaugarri tumoral desberdinekin. Gainera, egiaztatu ahal izan da obesitatea, diabetesa, gibeleko zirrosia edo behazuneko gaixotasun kronikoak paziente hauetan oso ohikoak diren arrisku-faktoreak direla.
Kolangiokartzinomaren tratamenduari dagokionez, erresekzio kirurgikoak gaixotasuna senda lezakeen terapia bakarra izaten jarraitzen du, nahiz eta sendatzeko aukera gutxi dagoen gongoil linfatikoen inbasioa dagoenean. Bestalde, kimioterapiak gaixotasun aurreratua duten pazienteen bizi-itxaropena areagotzen du. Ikerketa honetan biztanleria orokorraren prebentziorako, kolangiokartzinoma garatzeko arrisku handia duten pazienteen jarraipenerako eta gaixotasunaren hasierako faseetako diagnostikorako programen garrantzia azpimarratzen da.
Ikerketaren koordinatzaile Bañales doktorearen hitzetan, “gure ikerketak zehatz aztertzen ditu CCAren paisaia konplexuaren alderdiak, hala nola gaixotasun horren diagnostikoa, pronostikoa eta terapeutika. Emaitzek erakutsi dutenez, CCA fase aurreratuetan diagnostikatzen da batez ere, paziente askok ez dute minbiziaren aurkako terapia espezifikorik jasotzen, eta pronostikoa etsigarria da, aukera terapeutikoak mugatuak baitira. Beraz, presazkoa da sentsibilizazio kanpainak egitea, bizimoduari lotutako arrisku-faktoreak prebenitzeko heziketa-programak martxan jartzea eta arrisku handiko biztanleen detekzio goiztiarrerako teknika berriak asmatzea, minbiziarekin lotutako hilkortasuna murrizteko. Gure aurkikuntzak balio handiko ezagutzak dira etorkizuneko terapia gidatu berriak alderatzeko eta hurrengo belaunaldiko saiakuntza kliniko pertsonalizatuak diseinatzeko”.
CCA neoplasia gaiztoa bat da, oso heterogeneoa eta erasokorra, eta urtero minbiziagatik mundu osoan izaten diren heriotzen % 2 eragiten ditu. Askotan aurreratua dagoenean diagnostikatzen da, eta horrek tratamendu arrakastatsu bat ematea zailtzen du. Gaur egun mundu osoko gibeleko minbizi primarioen % 15a eta minbizi gastrointestinalen % 3a eragiten ditu.
Ikerketak Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkartearen babesa du.
Erreferentzia:
“Cholangiocarcinoma landscape in Europe: Diagnostic, prognostic and therapeutic insights from the ENSCCA Registry”, by Laura Izquierdo-Sanchez, Angela Lamarca, Adelaida La Casta, Stefan Buettner, Kirsten Utpatel, Heinz-Josef Klümpen, Jorge Adeva, Arndt Vogel, Ana Lleo, Luca Fabris, Mariano Ponz-Sarvise, Raffaele Brustia, Vincenzo Cardinale, Chiara Braconi, Gianpaolo Vidili, Nigel B. Jamieson, Rocio IR. Macias, Jan Philipp Jonas, Marco Marzioni, Wacław Hołówko,Trine Folseraas, Juozas Kupčinskas, Zeno Sparchez, Marcin Krawczyk, Łukasz Krupa, Viorel Scripcariu, Gian Luca Grazi, Ana Landa-Magdalena, Jan NM. Ijzermans, Katja Evert, Joris I. Erdmann, Flora López-López, Anna Saborowski, Alexander Scheiter, Alvaro Santos-Laso, Guido Carpino, Jesper B. Andersen, Jose JG. Marin, Domenico Alvaro, Luis Bujanda, Alejandro Forner, Juan W Valle, Bas Groot Koerkamp, and Jesus M. Banales (https://doi.org/10.1016/j.jhep.2021.12.010).
https://www.journal-of-hepatology.eu/article/S0168-8278(21)02252-2/fulltext.






