2010ean abiarazitako PPMI behaketazko ikerketan 1400 parte-hartzaile baino gehiagoren inskripzioa eta jarraipena egin da orain arte, parkinsonaren gaineko munduko sarbide irekiko datu multzo sendoena osatuz
Hedapen berri honekin, 2023 amaierarako, 12 herrialdetan banatutako ia 50 zentrotako 4.000 boluntariori zabaldu nahi zaie ikerketa
Osakidetza, Donostia Unibertsitate Ospitalearen (DUO) eta Biodonostia Ikerketa Institutuaren bidez, lankidetzan ari da 12 herrialdetan banatutako beste 50 zentro klinikorekin, Michael J. Fox Fundazioaren PPMI proiektua (Parkinson gaixotasunaren progresio-markatzaileei buruzko ekimena) hedatu eta gaixotasun hori ikertzeko. DUO-Biodonostiako lantalde klinikoa berriki diagnostikatutako pertsonak eta gaixotasuna ez duten baina arrisku-faktore jakinak dituzten 60 urtetik gorako pertsonak errekrutatzen ari da.
2010ean hasita, PPMI ikerketak Parkinson gaixotasunari buruzko munduko datu eta lagin biologikoen multzo sendoena biltzea lortu du, gaixotasunaren sintomak prebenitu eta are “sendatzeko” tratamendu hobeak garatzeko helburuarekin. DUO-Biodonostiak 2014tik laguntzen du proiektu honetan, eta gaur egun asmo handieneko etapan sartzen ari da, non 2023 urte amaierarako 1.400 eta 4.000 boluntario bitartean errekrutatuko diren. Parte-hartzaileek lagin biologikoak ematen dituzte eta ebaluazio klinikoak egiten zaizkie, gaixotasunaren arriskua, hasiera eta aurrerapena ezaugarritzeko.
«PPMI ikerlanak Parkinson gaixotasunaren progresio klinikoa eta fisiopatologia hobeto ezagutzeko datu ekarpen ikaragarria egin du, gaixotasun horren progresioa alda dezaketen terapiak lortzeko saiakuntza klinikoak diseinatzen lagunduko duena, baina oraindik asko dago aurkitzeko», adierazi zuen Javier Ruiz Martínez doktoreak, Donostia Unibertsitate Ospitaleko PPMI ikerlaneko ikertzaile nagusiak eta Biodonostiako Gaixotasun Neuroendekapenezkoen Taldeko Buruak. «Oso harro gaude proiektu honetan parte hartzeaz, eta oso esker oneko gaude Michael J. Fox Fundazioarekin, sustatzailea den aldetik, eta batez ere Parkinson gaixotasunaren maneiua ziurrenik aldatuko egingo duen ekimen honetan modu altruistan parte hartzen ari diren boluntarioekin».
«Fundazioa sortu zenean, 2000. urtean, Parkinson gaixotasuna ikertzeko modua aldatzeko konpromisoa hartu genuen», esan zuen Michael J. Foxek. «Bi hamarkada geroago, harro nago inoiz imajinatuko ez genituen lekuetara eraman gaituen ekimen honekin jarraitu ahal izango dugulako. PPMI proiektuaren hedapenak energia sortu nahi du helburu bat lortzeko: parkinsona sendatzea eta gaixotasun honek beste familia batzuei ez erasatea».
Azterketako kohorte handiak biltzea Parkinsone gaixotasuna aurreikusteko eta prebenitzeko
Parkinson gaixotasuna aurreikusteko, prebenitzeko eta sendatzen laguntzeko helburu horiek lortzeko, PPMI proiektuak gaixotasunaren espektro osoa estaltzen duten kohorte adierazgarriak aztertzen ditu: diagnostikatu gabeko pertsonak, diagnostikatu berriak diren pertsonak eta Parkinson aurreratua duten pertsonak. Gainera, ikerlanean hasieratik parte hartu duten pazienteak aztertzen jarraituko da, horietako batzuk duela hamarkada bat baino gehiago diagnostikatutakoak.
Une honetan, azterlan honetan lagun lezaketen pertsonek ezaugarri hauek bete behar dituzte:
- Azken bi urteetan parkinsona diagnostikatu zaien eta oraindik medikaziorik hartzen ez duten pertsonak izatea.
- 60 urtetik gorako Parkinsonik gabeko pertsonak izatea, arrisku-faktore jakinekoak, hala nola:
- Parkinson gaixotasuna duten lehen mailako senideak izatea (gurasoak, anai-arrebak edo seme-alabak).
- Parkinson gaixotasunarekin lotutako mutazio genetiko bat izatea (GBA, LRRK2, SNCA, PRKN, PINK1)
- REM loaren portaera-nahasmendua izatea
- Parkinsonarekiko lotura ezagunik ez duten pertsonak izatea, kontrol osasuntsu gisa parte hartzeko
Biodonostian izena eman nahi duten boluntarioek ikerlaneko taldearekin harremanetan jartzeko, IOANA.CROITORU@biodonostia.org helbidera idatzi behar dute.
Azterketari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu www.michaeljfox.org/ppmi helbidean






