Onkologian espezializatutako 2.000 mediko baino gehiago biltzen dituen eta minbiziaren aurkako borrokan aurreratzea helburua duen Espainiako Onkologia Medikoko Elkarteak (SEOM) Isabel Alvarez (Titiko Minbizia ikertzen duen Biodonostiako OIIko taldearen arduraduna eta OSI Donostialdeako onkologoa) eta Maria M. Cafarell (Ikerbasque ikertzailea, Biodonostia OIIko Hemato-Onkologiako taldean) doktoreen proiektua saritu du.

“Oncostatina M-aren errezeptorearen ikerketa itu berri gisa eta kimioterapiaren aurkako erresistentziaren iragarle gisa titiko minbizi Hirukoitz Negatiboan” izeneko proiektuak elkarteak eman duen 20.000 €-ko FSEOM/Font Vella beka jasoko du.

Titiko minbizia ohikoena da emakumeen artean eta minbiziak eragindako heriotzaren bigarren kausa da herrialde garatuetan, hala ere, diagnostiko goiztiarra egiteko programen eta tratamendu eraginkorragoen ondorioz, titiko minbiziagatiko heriotza-tasa murriztu egin da azken urteetan. Gaixotasun hori eragiten duten tumoreen multzoa heterogeneoa da, beraz, ezaugarri biologiko, pronostiko eta tratamendu desberdinak dituzten tumoreak dira. Hirukoitz Negatibo izenarekin ezagutzen diren tumoreen azpimultzo bat dago. Tumore horiek erasokorragoak dira eta haien kontrako tratamendu bakarra kimioterapia da.

Ikerkuntza proiektu horren asmoa, tumore Hirukoitz Negatiboetan izaten den kimioterapiaren aurkako erresistentzia eragiten duten mekanismoak zein diren ulertzea da, horrela, tumore erresistente horien aurkako berariazko terapiak diseinatzeko lagungarri izan dadin. Zehazki, talde ikertzaileak proteina baten (Oncostatina M-aren errezeptorea edo OSMR) jokabidea aztertuko du, litekeen itu terapeutiko eta kimioterapiaren aurkako erresistentziaren markatzaile gisa, Hirukoitz Negatibo titiko minbizian. Horretarako, Titiko Minbiziaren hainbat eredu (pazienteen zelulak eta arratoietatik ateratako tumoreen ereduak) eta pazienteen laginak erabiliko dituzte laborategian.

Urriaren 28tik 30era egin zen XV. SEOM 2015 Kongresuaren barruan, urriaren 29an, Madrilen beka entregatzeko antolatu zen ekitaldian, elkarteak aipatutako laguntzaz gain, ikerkuntza proiektuetarako beste 5 laguntza eta atzerriko erreferentzia zentroetan egonaldiak egiteko 11 beka ere eman ziren.

20151029_EntregaBecaSEOM