Biodonostiako Obstetrizia eta Ginekologia Ikerketa Taldea osatzen duten Donostialdea ESIko klinikoek, behaketa-azterketa prospektibo bat egin dute 5 urtetan zehar, endometrioko minbizian gongoil-gaixotasunaren detekzioa hobetzeko, gongoil pelbikoak eta aortakoak ateratzeko kirurgia saihestuz eta hauek izan dezaketen eragina aztertzeko.
Endometrioko minbizia minbizi ginekologiko ohikoena da herrialde garatuetan. Kasu gehienak etapa goiztiarretan diagnostikatzen dira (%80a I. etapan), eta 5 urterako biziraupen-tasa orokorra %95etik gorakoa da. Endometrioko minbizian gongoil linfatikoak zein neurritan kaltetuta dauden ezagutzea da pronostiko-faktore garrantzitsuena, eta tratamendu lagungarria erabakitzen laguntzen digu, hau da, ondoreneko tratamendu gehigarria, minbizia berriro agertzeko arriskua murrizteko. Gongoil linfatikoak kaltetuta egotearen arrisku globala nahiko txikia da minbizi mota horretan: %0,8tik %3,9ra bitartekoa arrisku txikiko tumoreen kasuan, eta %15,4tik gorakoa arrisku handiko eta ertaineko tumoreen kasuan.
“2014an modu prospektiboan hasi genuen lan honetan, hainbat helburu lortu dira. Alde batetik, endometrioko minbizian gongoil gaixotasunaren detekzioa hobetzea afektatuta egoteko probabilitate handiena duen gongoilaren (gongoil zelataria) hautaketaren bidez, drainatze linfatikoko bide aberranteak aurkitzea eta gongoilen ultraestadifikazioa ahalbidetzea balizko mikrometastasia detektatzeko. Bestetik, alde batera utzi nahi izan da linfadenektomia bat egiteko beharra, hau da, pelbiseko gongoil linfatikoak eta aortokavoak ateratzeko kirurgia, mikroskopioan aztertzeko eta minbizia dagoen zehazteko, gure pazienteengan duen gaixotze-tasa nabarmen murriztuz, horietako asko komorbilitateekin jada “, adierazi dute ikerketan parte hartu duten ikerlariek.
Era berean, pozik daudela diote: “Helburu guztiak bete dira: ia hirukoiztu egin da gongoil linfatikoak kaltetuta dauden ala ez detektatzeko dugun gaitasuna, eta ia %93,52ko detekzio-tasak lortu ditugu, 0tik hurbil dauden negatibo faltsuen tasarekin eta %99,6ko balio prediktibo negatiboarekin.” Ildo beretik, honako hau diote: “Gure ospitaleak, gainera, munduko zentro gehienetan ez bezala, aortako gongoil zelataria detektatzen du, maila horretan soilik gongoil metastasia duten pazienteak antzemanez eta honek estadifikazio eta tratamendu egokiak egiteko aukera ematen du; egoera hori gongoil linfatikoak kaltetuta duten 4 pazientetik batean gertatzen dela hauteman dugu.”
Azterketa Donostiako Ospitalean endometrioko minbiziagatik kirurgia laparoskopikoa egin zitzaien 278 pazienterekin burutu zen. Kasu guztietan gongoil zelatariaren biopsia bat egin zen indozianina zerbikal eta fundikoaren injekzio bikoitzarekin, eta gongoil horiek ultraestadifikazio teknika batekin prozesatu ziren. Horietatik, arrisku handiko 128 gaixori laparoskopia bidezko linfadenektomia pelbikoa eta paraaortikoa egin zieten.
Azterlan horretatik ondorioztatu da gongoil zelatariaren injekzio duala teknika egingarria dela eta detekzio-tasa egokiak lortzen dituela. Gainera, teknika horri esker, endometrioko minbizian identifika daiteken aorta-metastasi isolatuen kasuen portzentajea ez da nolanahikoa, eta aktiboki bilatu behar da.
Azterlanaren erreferentzia:
Maximizing sentinel node detection in endometrial cancer with dual cervical and transcervical fundal indocyanine green injection: 5-year single-center prospective study.
Ruiz R, Gorostidi M, Jaunarena I, Cobas P, Lekuona A. Eur J Obstet Gynecol Reprod Biol. 2021 Apr 15;261:59-64. doi: 10.1016/j.ejogrb.2021.04.015.DOI: 10.1016/j.ejogrb.2021.04.015





