Joan den urtarrilaren 24an Bidonostiak berrikuntzari buruzko jardunaldi interesgarri bat egin zuen “Txikiak bezain bizkorrak” izenburupean. Parte-hartze nabarmena izan zuen jardunaldi honetan Donostialdea ESI/Biodonostia OIIak arlo horretan dituzten ekimen garrantzitsuenak aurkeztu ziren. Horrez gain, Berrikuntzaren Euskal Estrategiari eta Berrikuntzaren Erosketa Publikoari buruzko bi hitzaldi interesgarri eman ziren, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzako Carlos Peñaren eta Kataluniako Osasun Saileko Ramón Maspóns-en eskutik.
Donostialdea ESIko Komunikazio arloko gure lankideak aukera hau aprobetxatu zuten Julio Arrizabalaga Biodonostia OIIko zuzendariarekin hitz egiteko eta berrikuntzari eta ikerketari buruz hausnartzeko. (Jarraian duzue egindako elkarrizketa)
Berrikuntzari buruzko jardunaldi garrantzitsu bat egin berri duzue. Zein da zuen balantzea?
Oso positiboa; izan ere, zer egiten den eta zer lankidetza-maila dagoen ikusi ahal izan dute bertaratutakoek. Donostialdea ESIko TOP ekimenak aurkeztu ziren, eta bi hitzaldi interesgarriz gozatu ahal izan genuen: lehenengoa, berrikuntzaren euskal estrategiari buruzkoa, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzako Carlos Peñak aurkeztu zuen; eta bestea, berrikuntzaren erosketa publikoari buruzkoa, Kataluniako Osasun Saileko Ramón Maspóns-ek eman zuen. Arrakasta handia izan zuten, benetan, bai publikoarengatik, bai aurkeztutako ekimenen kalitate eta interesagatik.
Jardunaldi honetako leloa “Txikiak bezain bizkorrak” zen. Benetan hain txikiak eta hain bizkorrak al zarete?
Txikiak gara (Espainiako probintziarik txikiena) baina malgutasuna daukagu, eta horri esker bizkorrak izan gaitezke, gure ingurunearekin zer egiten den eta guk zer egiten dugun aztertzeko. Hitz-joko horrekin adierazi nahi dugu beste zentroekin, sektoreko enpresekin eta kanpoko eragileekin harreman gehien duen zentroetako bat garela. Gainera, proiektu eta patente asko garatuta dituen zentro teknologiko bat gara, asistentzia hobetzea helburu duena beti.
Berrikuntza eta osasuna: zertan datza binomio horren garrantzia?
Osasunak guztiok baldintzatzen gaitu; guztiok hobeto egon nahi dugu eta horrek, gainera, ekonomia mugitzen du; guk geure ekarpena egin dezakegu eta horren onura jaso. Berrikuntza funtsezko tresna da arazo zehatzen irtenbidea aurkitzeko, eta irtenbide horiek osasuna hobetzen eta gure pazienteen asistentzia-beharrak asetzen lagunduko digute.
BioDonostia Ikerkuntza Sanitarioko Institutua da, eta ikerkuntzan dihardu nagusiki. Nola egokitzen dugu berrikuntza ezaugarri horiek dituen institutu batean?
Berrikuntza ezagutza dagoen leku guztietan dago (ospitaleetan, osasun zentroetan, I+G zentroetan.) BioDonostia ikerketa-zentro gisa sortu zen, baina ikerkuntza-profilik gabeko profesional asko eta asko proiektuak garatzen jardutea lortu dugu, proiektu horiek produktu bihurtzeko. Gure institutua Gipuzkoako ospitaleetako eta lehen mailako arretako I+G+B saila da dagoeneko.
Ikerketaren bidez bakarrik irits daiteke berrikuntzara?
Ez, profesional guztiak izan daitezke berritzaileak, nahiz eta ikertzaileak ez izan. Azken urteetan ulertu izan da ikerketatik bakarrik irits zitekeela berrikuntzara. Ordea, ikusmolde hori aldatu egin da, gaur egun berrikuntza osasun arloko profesional guztientzat baitago eskuragarri. Hobetzeko ideia txikiena ere oso garrantzitsua izan daiteke prozesu klinikoaren emaitza hobetzeko.
Beraz, berrikuntza ez da ikertzaileen ardura soilik; denok izan gaitezke berritzaile.
Denok izan gaitezke berritzaile, eta izan behar dugu. Gainera, dibertigarria da. Profesionalok badakigu gure eguneroko lanean zeri egin behar diogun aurre, eta zehatz-mehatz dakigu zer behar dugun lan hori ahalik eta ondoen garatzeko. Hortxe dago berrikuntzaren enbrioia.
Berrikuntzak zerikusi zuzena al du ezagutzarekin?
Bai, berrikuntza zuzenean lotuta dago erakunde batek duen ezagutzarekin, ezagutza horretatik ideiak, aldaketak, proiektuak… sortzen baitira. Horregatik, ezagutza eskuratzea eta sortzea funtsezko gaia da.
Lehen Mailako Arretan ere berritzen da?
Dudarik gabe. Lehengoan, gure Lehen Mailako Arretan egiten ari diren proiektu berritzaileetako batzuk ezagutu ahal izan genituen, eta esan dezaket benetan interesgarriak direla. Benetan inplikatuta dauden eta hobetzeko ideiak dituzten profesionalen talde bat dugu Lehen Mailako Arretan.
Kanpoko eragileekin dituzuen harremanak azpimarratu ohi dituzue; badirudi harro zaudetela harreman horiez. Zertarako balio dute, eta zertan gauzatzen dira?
Lehen esan dudan bezala, kanpoko eragileekin –osasun arloaz kanpoko zentro teknologiko, enpresa eta eragileekin– lotura handiena dugun osasun-ikerketako institutuetako bat gara. Lankidetza horren ondorioz, besteak beste, ideia bat gauzatzeko teknologia behar dugunean, lagundu egiten digute, eta ondoren patentatu egin dezakegu.
Zahartzea da gure gizarteko erronketako bat. Biodonostiako ikerketa-arlo garrantzitsu bat, erakundean aitormen handia duena, hain zuzen ere, gai hori da. Zer egiten ari zarete aitormen hori izateko?
Hainbat gauza, baina funtsezkoena da 26 ikerketa-taldetatik 16 Eusko Jaurlaritzak aitortutako estrategian sartuta daudela, RIS3n, ISCIIIn eta zahartzeari buruzko CIBERen sartuta. Europan, Biodonostiaren estrategia zahartzearen arloko I+G+b-ren gotorlekutzat hartu da.
Zein dira Biodonostiaren proiekturik garrantzitsuenak oraintxe bertan?
Garrantzitsuenen artean daude zahartzearena, MEDTECH enpresekiko harremana, terapia zelularrak, minbiziaren bikaintasun-zentro gisa akreditatzeko saiakera (AECC) edo RRI (Responsible Research and Innovation) Europako araudiaren aplikazioa (berdintasuna, gizartea, open science, etab.).





