Jardunaldian Innobasqueko Jose Mª Villate-k hitzaldi magistrala eskaini zuen, eta Bottom Up proiektuen lau kasu arrakastatsu aurkeztu ziren.

Joan den azaroaren 9an egin zen Donostialdea Erakunde Sanitario Integratuaren – Biodonostiaren Berrikuntzako III. Jardunaldia. Jardunaldi horren helburua izan zen erakustea Bottom Up proiektuen deialdien bidez berrikuntza sanitarioaren esparruan egiten ari diren lanak.

Donostialdea ESIko gerente Jose Manuel Ladrón de Guevara doktoreak jardunaldiaren sarrera egin ondoren, hitzaldi magistrala eman zuen Jose Mª Villate Innobasque – Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidentziako zuzendari laguntzaileak. Villate jaunak Euskadin berrikuntzak azken 30 urte hauetan izan duen bilakaera laburbildu zuen, eta aditzera eman zuen zein diren “Espezializazio Adimentsuko Estrategiaren” esparruan herriaren apustu nagusiak. Estrategia hori Euskadi 2020 Zientzia eta Teknologia Planean jaso zen, eta estrategikotzat jo diren lehentasuneko arloetan mundu-mailako lidergo-posizioetara iristeko ahalegina ardazten du:  fabrikazio aurreratua, energia eta biozientziak/osasuna.

Ondoren, Biodonostia Osasun Ikerketako Institutuko zuzendari zientifiko Julio Arrizabalaga doktoreak Programa Kontratuaren (Bottom Up proiektuen) deialdien ildo orokorrak azaldu zituen. Horren filosofia da ezagutza sortzea eta berrikuntza sustatzea osasun-erakundeetan.

Arantza Abad institutuko gerenteak 2017ko Kontratu Programaren deialdiaren bidez garatutako lau kasu arrakastatsu aurkeztu zituen. Donostialdea ESIko toraxeko kirurgian espezialista Jon Zabaleta medikuntzako doktoreak aztertu zuen kokapen zentraleko tumore endobronkiala duten pazienteengan kirurgia hobeto prestatzeko eta planifikatzeko 3D teknologia. Gero, Ramón Lerchundi Donostialdea ESIko Informazio Sistemetako zuzendariordeak eta Miguel Goena doktoreak Donostialdea ESIko pazienteen etxeko gluzemia-kontrolak paziente horien historia klinikoan integratzearen kasua aurkeztu zuten. Bestalde, Jesús Manuel Blanco Donostialdea ESIko Onkologiako mediku laguntzaileak Donostialdea ESIko onkologia-zerbitzuan medikazioa uztartzeko proiektua laburbildu zuen. Azkenik, Carolina Güell familia- eta komunitate-medikuntzako barneko mediku egoiliar espezialistak lehen arretan paziente hauskorraren balorazio integralerako tresna eta protokolo baten proposamena aurkeztu zuen.

Jardunaldiari amaiera emateko, mahai-ingurua egin zen, eta parte-hartzaileek aurkeztu diren proiektuei buruzko zenbait galdera planteatu zieten hizlariei.

Jose Mª Villate – Innobasque

Carolina Güell, Jose Mª Villate, Miguel Goena, Arantza Abad, Julio Arrizabalaga, Ramón Lerchundi, Jon Zabaleta eta Jesús Manuel Blanco.