Argazkia: BCBL.

Espainiako Onkologia Medikoko Elkarteak (SEOM) bularreko minbizia diagnostikatu zaien emakumeen biziraupenari buruz emandako azken datuak positiboak diren arren, gaixotasunari loturiko narriadura kognitibo arinak pazienteen % 75i prozesu onkologikoaren uneren batean ere eragin diezaiekeela uste da.

Narriadura horrek, zientifikoki CRCI (Cancer Related Cognitive Impairment) deritzotena, zailtasun handiak dakarzkie emakumezko pazienteei bai profesionalki, bai etxeko zein aisialdiko jarduerei dagokienez, euren bizi-kalitatea murriztuz.

Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) euskal zentroak, Onkologikoa Fundazioa-Biodonostiarekin elkarlanean, MultiModalCRCI proiektua aurrera darama bularreko minbiziaren inguruko narriadura kognitibo hori diagnostikatu, prebenitu eta monitorizatzeko estrategiak garatzen lagunduko duten biomarkatzaileak identifikatzeko erronkari aurre egiteko xedez.

Lan taldeak bi azterlan eramango ditu aurrera sendatze eta tratamendu onkologikoko fase ezberdinetako emakumeekin: alde batetik, kimioterapia bidezko tratamendua hastear dagoen emakume-talde bat eta, bestetik, kimioterapia-tratamendua gainditu eta biziraute-fasean dagoen beste talde bat, minbizi-diagnostikorik gabeko kontrol-talde batez gain.

Azterlan honetan parte hartzen duten ikertzaileen arabera, eskuratutako ezagutzek berebiziko garrantzia izango dute paziente bakoitzari egokitutako eta defizit kognitibo zehatzetan oinarritutako esku-hartze estrategiak diseinatzen lagunduko duten biomarkatzaileak identifikatzeko; horrez gain, pazienteak minbiziaren aurreko lan-, gizarte- eta familia-bizitzara itzultzen direnean ondorioak prebenitzeko ere oso baliagarria izango da.

«Etorkizunean, Onkologikoa Fundazioa-Biodonostiarekiko lankidetzak bermatuko digu emaitzek konponbideak ekartzea, hala nola erabaki klinikoetan laguntzeko sistema bat edo biomarkatzaile digitalak, esku-hartzeen onura neurtu ahal izateko pazientearen neke mentalaren adierazleen bidez» Ruzzoli doktoreak ondorioztatu duenez.

Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatzen du ekimena, Gipuzkoako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sarearen bidez (GipuzkoaNext). Urtebeteko iraupena izango du, eta ikerketa-ildo berriei ateak ireki ahal izango dizkie, lagin zabalago eta epe luzeko jarraipena izango duten azterlan berriak diseinatzeko helburuarekin.