Maiatzak 6ean, Biodonostiako Bularreko Minbiziaren Taldeko ikertzaileen eta Bularreko Minbizi Metastasikoaren Espainiako Elkarteko (AECMM) emakumeen arteko topaketa izan da Onkologikoaren instalazioetan.

Elkarte honekiko kontaktua urrundik dator. 2018an eta 2019an ere izan ziren Biodonostian, eta topaketa horiek eten egin ziren pandemiaren ondorioz.

AECMMa Bularreko Minbizi Metastasikoa (BMM) duten emakumeen bizipenak partekatzeko sortu zen, bularreko minbizia duten emakumeen errealitate desberdina bizi baitute. Honako helburu hauek ditu, besteak beste: Bularreko Minbizi Metastasikoari ikusgarritasuna ematea, errealitate hori gizartean ezagutaraziz; Bularreko Minbizi Metastasikoari buruzko ikerketa sustatzea eta babestea, baliabide ekonomikoak bereganatuz eta onkologoen eta ikertzaileen ekimenei lagunduz arlo horretan; eta BMMko pazientea ahalduntzea, bere gaixotasunaren ezagutzak gaixo gisa duen ongizatea gidatzeko aukera eman diezaion.

Baina beraiek adierazten duten bezala, “elkarri laguntzeko, esperientziak partekatzeko eta sororitateko sare txiki bat” ere badira. Azken batean, paziente oso aktiboak dira, ikerketarekin oso konprometituak eta oso ahaldunduak. Euren gaixotasuna ezagutu eta ulertu nahi dute, eta aldarrikatu eta borrokatu, saiakuntza klinikoak eta errukizko erabileran dauden sendagaiak eskuratzeko.

Topaketan anfitrioi gisa aritu dira Biodonostia OIIren Bularreko Minbiziaren Ikerketa Taldeko arduradunak, Isabel Álvarez López onkologoa eta Maria Muñoz Caffarel ikertzailea, koordinatzen duten ikerketa taldeko kideekin batera.

Ekitaldiaren hasieran, Álvarez doktoreak saiakuntza kliniko baten faseei buruz hitz egin du, baita ondoren gertatu behar diren administrazio-urrats guztiei buruz ere, saiakuntza klinikoak positiboak izanez gero, pazienteei botika eman ahal izateko. Lehenik EMAk (Sendagaien Europako Agentzia) onartu behar du, eta gero Espainiako agentziak. Ondoren, gobernuek sendagai horien prezioak negoziatu behar dituztela adierazi du.

Muñoz Caffarel doktoreak oinarrizko ikerketaren eta ikerketa translazionalaren funtzionamendua azaldu du bere hitzaldian, bularreko minbiziaren laborategi bateko lanaren errealitatea hurbilduz eta ikerketan erabiltzen dituzten tresnak azalduz, hala nola, zelulak hazkuntzan, pazienteen laginak, animalia-ereduak, analisi bioinformatikoak, etab. Halaber, zer proiektu motatan ari diren lanean, esperimentuak nola egiten diren, etab.

Pazienteek planteatutako galderei eta zalantzei erantzun ondoren, taldeak lan egiten duen laborategira bisita egin dute, laborategi baten errealitatea bertatik bertara ikusteko.

Azkenik, pazienteek eta ikertzaileek amaitutzat eman dute topaketa mahai baten inguruan. Bertan, ikerketaz ez ezik, emakume horien errealitateaz eta paziente aktibo gisa planteatzen diren erronkez ere hitz egin ahal izan dute.

Eskerrik asko ikerketarekiko eta transmititzen diguzuen indarrarekiko duzuen konpromisoagatik.