Urriaren 20tik 24ra bitartean egin da Vienan UEG Week 2018 Biltzarra, Gastroenterologiako Europako Elkarteak (United European Gastroenterology, UEG) antolatuta.

Biltzarrean mundu osoko 12.000 parte-hartzaile baino gehiago izan dira eta lehen mailako txostengileek parte hartu dute, eta ikerketaren arloko azken-azkeneko gaiak eztabaidatzeaz gainera gastroenterologiako eta hepatologiako berrikuntzak ere aurkeztu dira. Horrez gainera, digestio-osasunaren arloko ikerketa berriak eta praktika klinikoan egindako azken aurrerapenak ere azaldu dira.

Izen handiko biltzar honen esparruan, UEGk urtero ematen duen “UEG Rising Star” saria jaso du Biodonostia OIIko Gaixotasun Hepatikoen Taldearen burua den Jesus Bañales doktoreak. Sari horrekin 40 urtetik beherako ikertzaileen bikaintasun zientifikoa nabarmendu nahi izaten da, eta kasu honetan gorabidean dagoen ikertzaile nagusi honen meritu zientifikoak azpimarratu dira.

Era berean, adierazitako taldeko beste kide batzuek ere parte-hartze aktiboa izan dute topaketa honetan. Horrela, Ainhoa Lapitz eta Pedro Rodrigues ikertzaileek gaixotasun gastrointestinalak eta hepatobiliarrak dituzten pazienteen zelulaz kanpoko besikuletan biomarkatzaileak bilatzea helburu duten lanak aurkeztu dituzte. Bi lanak ahozko komunikazioen atalean aurkeztu dituzte, eta Pedro Rodriguesen lanak bere saioko aurkezpenik onenaren saria jaso du. Horrez gainera, TREM2 errezeptoreak hepatokartzinoman eta gaixotasun kolestasikoetan betetzen duen eginkizunaren gainean María Jesús Perugorria doktoreak lideratutako bi lan aurkeztu ditu Ibone Labiano ikertzaileak poster eta ahozko komunikazio kategorietan.

Gogora ekarri behar da Ikerbasque, Miguel Servet eta CIBERehd ikertzailea den Jesús Bañales doktorea, Biodonostia OIIko Gaixotasun Hepatiko eta Gastrointestinalen Ikerketa Arloko Gaixotasun Hepatikoen Taldearen burua izateaz gainera, Kolangiokartzinomaren Ikerketarako Europako Sarearen (CCA) koordinatzailea ere badela.

Informazio gehiago: Kongresua zenbakitan

Ikusi Youtuben antolatzaileek Jesús Bañalesi (UEG Rising Star) egindako elkarrizketa

 

Argazkiak: UEG