Biodonostiak Donostian duen egoitzan, gaur, Institutuaren 2021-2025 Plan Estrategikoa aurkezteko ekitaldia egin da, bai eta Maximo Goikoetxea Saria emateko ekitaldia ere.
Ekimena Institutuak berak abiarazi du, osasun-arloko ikerketaren arloarekin lotutako pertsona baten ibilbide zientifikoa eta dedikazioa aitortzeko. Oraingoan, Adolfo Lopez de Munainek Donostia Ospitaleko neurologo eta Biodonostiako Neurozientziak Arloko arduradunak jaso du saria, arlo klinikoan eta ikerkuntzan ibilbide luzea egin duen pertsona izanik.
Julio Arrizabalaga doktoreak, Institutuko Zuzendari Zientifikoak, aurkeztu du Plan Estrategikoa, erakundeak datozen bost urteetarako ezarritako ildo estrategikoak eta helburuak azaldu dituelarik.
Ekitaldia presentzialtasuna murriztuta egin da pandemiaren ondorioz, baina online jarraitu ahal izan da. Bertan Donostialdea ESIko arduradun nagusiak, Institutuko Ikerketa Taldeetako arduradunak eta Maximo Goikoetxea doktorearen senideak egon dira. Horien artean alarguna, Isabel Berasaluze, izan da saria emateko arduraduna.
Sariak ibilbide zientifiko eta dedikazio bikaina aintzatesten du, eta bat dator Maximo Goikoetxeak defendatu izan zituen balioekin; izan ere, Donostia Ospitaleko gerentea izan zen garaian, Biodonostia OIIa sortzeko bultzatzaileetako bat izan zen.
Biodonostiako Kanpoko Kontseilu Zientifikoak saritua aukeratzeko orduan, honako alderdi hauek hartu ditu kontuan: lortutako finantzaketa lehiakorra, argitalpen kopurua, zuzendutako doktorego-tesiak eta lortutako patenteak, Miguel Servet eta Ramón y Cajal deialdien bidez lortutako kontratazioak, lidergo-gaitasuna, sortutako enpresa publiko-pribatuak eta CIBERen baten(Sarean Ikerkuntza Biomedikoa garatzeko Zentroak) parte hartzea.
Aipatutako irizpideetan oinarrituta, aurtengo edizioan Adolfo Lopez de Munain Donostiako Ospitaleko neurologoak eta Biodonostiako Neurozientziak Arloko arduradunak jaso du saria. Lopez de Munain Doktoreak ibilbide luzea egin du arlo klinikoan eta ikerkuntzan.
Donostia Ospitalean Medikuntza Traslazionaleko laborategi bat sortu zuen lehen klinikoa da, eta, gainera, eskarmentu handia du proiektu lehiakorrak lortzeko, ikerketarako giza taldeak sortuz, eta Miguel Servet eta Ramón y Cajal ikertzaileak eskatu eta lortu dituen lehen pertsona izan delarik. Halaber, 18 doktore-tesi zuzendu ditu, eta patentean oinarrituta kliniko batek sortutako lehen enpresa du, Biodonostia OIIan.
Lopez de Munain doktorea Biodonostiarekin konprometituta dago sorreratik, giza kapital handia du taldeen lidergoan, eta duela gutxi CIBERNEDeko (Gaixotasun Neurodegeneratiboei buruzko Sareko Ikerketa Biomedikoko Zentroa) Zuzendari Zientifiko izendatu dute. CIBERNED hurbiltasun fisikorik gabeko ikerketa-taldeek osatutako ikerketa-erakunde bat da, hainbat administrazio, erakunde eta autonomia-erkidegotako kideek osaturikoa, sektore publikokoak eta pribatukoak, eta gaixotasun neurodegeneratiboen berariazko arlo komunean zentratutako ikerketa-ildo eta -helburuak dituztenak. Horiek guztiak koordinatu egiten dira, betearazpen-testuinguru mugatuago batean nekez plantea daitezkeen helburu zientifikoak lortzeko.







