Duela gutxi, CIC Nanoguneko instalazioetan lan-topaketa bat egin dute Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunek eta Fellows Gipuzkoa programaren onuradun diren ikertzaileek, beren jarduera garatzen duten ikerketa-zentroetako arduradunek lagunduta.

Markel Olano Ahaldun Nagusiak, Imanol Lasa Ekonomia, Turismo eta Landa Inguruneko Diputatuak eta Jon Gurrutxaga Berrikuntza Zuzendariak lehen eskutik ezagutu ahal izan dute hainbat motatako proiektu zientifikoetan diharduten 10 ikertzaileek egiten duten lan bikaina. Sonia Alonso Martín, Biodonostia OIIko Gaixotasun Neuromuskularren Taldeko ikertzailearen kasuan, proiektua muskuluaren zelula amen birsortze-gaitasunaren azterketara bideratuta dago Alboko Esklerosi Amiotrofikoan (ELA).

Fellows Gipuzkoa programaren helburua da doktoretza osteko prestakuntza duten ikertzaileak, nazioarteko ikerketa talde garrantzitsuetan lanean ari direnak, Gipuzkoako ikerketa taldeetara ekartzea, horrela horien maila zientifikoa handitzeko. Egonkortasuna lortze aldera, baloratu egiten da hautagaiek lurraldearekin lotura izatea, egiten duten lana Euskadi 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean kokatzea, eta lurraldearen etorkizuneko erronkei aurre egiteko Aldundiak bultzatutako apustu estrategikoetara bideratzea.

2000. urteaz geroztik, Gipuzkoan 36 ikertzaile sartzeko laguntza eman da. Gaur egun, Biodonostiako Sonia Alonsok ez ezik, programa honetan parte hartzen ari dira Adria Gil eta Beatriz Martín García, CIC Nanogunen; Connie Josefina Ocando, BERC Polymaten; José Antonio Fernandes, Azti Fundazioan; Carlos Sánchez, Iván Ramos eta Óscar Ferreira, CIC Biomagunen; Karin García eta Darya Chyzhyk, UPV/EHUn.

Topaketan, foru arduradunek programaren beste deialdi bat egitekoa dela iragarri zuten, eta 2020an 480.000 euro bideratuko dituztela horretara.

Iturria: GFA
Argazkiak eta bideoa: GFA