Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuko ikertzaileak, Osakidetzako eta Adinberriko ordezkariekin batera, berriki bildu dira Bordelen VASADIN proiektuaren konklusioak eta hurrengo faseak aztertzeko.

Proiektu honen helburua adinekoei osasun-arreta emateko eredu bat definitzea da, balioa sor dezan, pertsona horiek osasun-arloan baloratzen dituzten benetako beharrei eta emaitzei erantzunez, eta irtenbide berriak emanez eta identifikatuz.

Mugaz gaindiko lankidetza-partzuergo batek garatzen du proiektua, eta bertan parte hartzen dute: Euskadin, Biodonostia OII (proiektuaren koordinatzailea); Nafarroan, Navarrabiomed Ikerketa Biomedikoko Zentroak eta Nouvelle Aquitainen (Frantzia), Alliance Innovation Santék (ALLIS-NA) eta Gérontopôle Nouvelle-Aquitainek.

Bordeleko bileran, partaide diren hiru eskualdeetako osasun-sistema bakoitzean indarrean dauden adinekoei osasun-arreta emateko ereduen azterketari ekin zaio, bai eta pertsonengan oinarritutako ikerketa kualitatiboaren azterketari ere.

Bilera honen helburua orain arte egindako ikerketak eta analisiak bateratzea izan da, Euroeskualdean sortutako ekimen, produktu, teknologia eta zerbitzu berritzaileak proposatzeko, ikusitako defizitei erantzun ahal izateko.