Biogipuzkoa OIIko Neuroimmunologia taldeko ikertzaileek (Miriam Gorostidi-Aicua, Iraia Reparaz, Ane Otaegui-Chivite, Leire Romarate, Idoia Mendiburu, Maialen Arruti, Tamara Castillo-Triviño, Laura Moles eta David Otaegui), Institutu bereko Koldo Garcia ikertzailearekin eta Alvarez de Arcayarekin (Bioaraba OII Esklerosi Anizkoitzeko taldeko kidea) kolaborazioan, lan bat argitaratu dute Microorganisms aldizkarian, non bakterioek eta onddoek hesteetako mikrobiotan dituzten elkarrekintzak eta esklerosi anizkoitzarekin (EA) duten lotura aztertu dituzten.
Nerbio-sistema zentralari eragiten dion gaixotasuna da, sistema immunea tarteko, eta gure neuronen berezko osagai bati, mielina-zorroari, eraso egiten dio. Gazteengan (20-40 urte) ezgaitasun neurologiko ez-traumatikoaren arrazoi nagusia da. EAk zenbait aurkezpen kliniko ditu, eta berriz gaixotze-arintze mota da ohikoena. Bere ezaugarriak dira ezgaitasun neurologikoak behintzat 24 orduz irauten duela (berriz gaixotzea), eta, ondoren, indarberritze-aldi osoak edo osatugabeak egotea (arintzea).
Hesteetako mikrobiota osatzen dute gure hesteetan bizi diren mikroorganismoek. Aspalditik dakigu beharrezkoak direla gure organismoaren funtzionamenduan, funtzio askorekin, besteak beste sistema immunearen erregulazioa. Bakterioak mikrobiotaren osagai ezagunenak diren arren, legamiak eta onddoak (mikobiota izenekoak) funtsezkoak dira mikrobiotaren dinamiketan. Mikrobiota behar bezala erregulatutako ekosistema konplexu gisa ulertu behar dugu, non gutxiengoen populazioek, hala nola onddoek, zeregin garrantzitsua izan baitezakete.
Ikerketa honetan, gorozkietan dauden bakterioak eta onddoak aztertu ziren, EAa duten 62 pertsonengan eta 36 pertsona osasuntsuengan, Donostia Unibertsitate Ospitalean eta Arabako Ospitalean errekrutatutakoak. Emaitzen arabera, EA duten pertsonek mikrobio-profil desberdina dute, bai aniztasuna aztertuz, bai ugaritasuna edo bakterioen eta onddoen arteko erlazioak aztertuz. Izan ere, osasunerako onuragarriak direla jakinak diren bakterio-taldeak urriagoak ziren EA duten pertsonetan, eta bakterioen eta onddoen arteko harremanen eredua lausoagoa zen EA duten pertsonetan. Dinamika konplexu horiek pentsaraz dezakete bakterioak eta onddoak EAren garapenarean tartean daudela.
Egileek espero dute emaitza horiek bakterioen eta onddoen arteko harreman konplexuak eta EAren garapenean izan dezaketen eragina hobeto ulertzeko balioko dutela, eta, hala, gaixotasun hori hobeto ulertzeko bidea irekiko duela. Horrez gain, honako hau gaineratu dute: “Etorkizuneko lanetan berretsi behar dugun hasierako azterketa da honakoa, baina mikrobiota modulatzeko gure ikerketa-ildoa indartzen du: nola funtzionatzen duen hobeto uler badezakegu, esku-hartze hobeak diseinatu ahal izango ditugu (dietaren edo probiotikoen bidez) mikrobiota modulatzeko, gaixotasunaren sintomatologian eragina izateko”.
Lan hau lagundu dute Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak (2019111013 kodea), Instituto de Salud Carlos IIIk, UPV/EHUk eta Neuroendekapenezko Gaixotasun CIBERek (CIBERNED), eta Microorganisms aldizkarian argitaratu da.
Neuroinmunologia taldeari esker egindako artikulua.






