Giza gorputzaren organoak etengabe birsortzen dira bizitza osoan zehar: batzuk maiztasun gutxiagorekin egiten dute (garunak, adibidez) eta beste batzuk azkarrago (gibelak, adibidez). Horrez gain, birsortzeko gaitasuna pertsona bakoitzaren mende dago, baita organismoaren egoera orokorraren mende ere (zenbat eta zaharragoa izan orduan eta birsortzeko gaitasun gutxiago).

Zelula ama helduen lanari esker lortzen da birsortzea; zelula amak ehunetan bizi dira. Zelula amek zatitu eta zelula espezializatu mota desberdinetan bereizteko gaitasuna dute; halaber, autoberritu eta zelula ama gehiago sortzeko gaitasuna ere badute. Ikerketa ugari egin dira eta ehunetan bizi diren zelula ama asko deskribatzea lortu da, baina baliteke zenbaitek jatorri komuna edukitzea.

Ikerketa honetan baieztatu ahal izan denez, giza azala birsortzeko eta orbaintzeko funtsezkoak diren zelulak, zinez nerbio periferikoa estaltzen duen zorrotik datoz. Nerbioak estaltzen eta babesten dituzten zelulak dira, baina egoera desberdinen eraginez (zauri baten eraginez, esate baterako), dagokien zeregina aldatu eta ama zelula bihurtzen dira, eragindako ehunen birsortzea sustatzeko. Birsortze-prozesuari lotutako bereizketa hori aurkitzen da ama zelulatzat jotzen zenaren atzean. Aipatutako fenomenoa azalean aztertzeaz gain, bihotza gisako beste organo batzuetan ere aztertu da; eta ondorio gisa esan daiteke, beste ehun askotan gertatzen den fenomeno bat dela.

Fenomenoa identifikatzeaz gain, ikerketa honetan gizakiongan zelula horiek isolatzeko modua deskribatu da, eta modu horretara, kaltetuta dauden zelulak eta ehunak ordezkatzeko terapiatan erabiltzeko aukerak ugaritu egin dira. Horrela, aipatutako aurkikuntza etorkizuneko azterketen abiapuntua bada ere, ikerketa-erronka desberdinetan aplikatzea espero da, adibidez zahartzearen, orbaintzearen edo minbiziaren ikerketan

IIS Biodonostiako Ehun Ingeniaritzako Ikerketa Taldeak (Ander Izeta doktoreak zuzentzen duenak) eta, bereziki, Usue Etxanizek eta Adrián Perez-San Vicentek, 2009an egindako ikerketa baten emaitza da aipatutako aurkikuntza, eta Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Europar Batasunaren finantzaketa lehiakorra eduki du taldeak. Proiektu honetan Washingtoneko Unibertsitateko eta CABIMEReko zientzialariek ere parte hartu dute. Emaitzak berriki argitaratu dira StemCellReports aldizkari ospetsuaren (CellPress biologia zelularraren esparruan dagoen talde garrantzitsuenaren aldizkaria) online edizioan.