Iktusa eragin eta prebalentzia handiko gaixotasuna da, eta inpaktu soziosanitario handia du. Erreperfusio terapiak onuragarriak direla argi erakutsi dute eta birkanalizazio-tasa handiak lortzen dituzte. Tamalez, birkanalizazioa ez da beti emaitza kliniko on batekin jarraitzen, eta hori, besteak beste, erreperfusioaren ondoriozko lesioa edo eraldaketa hemorragikoa (EH) bezalako prozesuen bidez azaltzen da.
Tesi honen helburua ea disfuntzio endoteliala (DE), oxido nitrikoaren (NO) bioerabilgarritasuna murriztea eta faktore basodilatatzaile eta basokonstriziotzaile arteko desoreka, tratamendu endobaskularraren (TEB) erantzunari lotuta dagoen aztertzea da; segurtasunari, EH-ari, eta emaitza pronostikoari, 90 egunetara autonomiari dagokionez. Horrez gain, egoera inflamatorioaren eta funtzio endotelialaren arteko harremana aztertu da testuinguru horretan bertan, eta DEren inplikazioa adin nagusiko pazienteen artean ikusitako pronostiko okerragoan.
Horretarako, aurrera begirako kohorte motako azterketa estudioa egin zen, 2018ko martxotik 2020ko abuztura bitartean Donostia Ospitalean TEB bidez tratatu ziren iktus pazienteekin. Azterketan aldagai demografikoak, iktusarenak, erradiologikoak eta prozedura endobaskularrarenak sartu ziren. DE-a ebaluatu zen NOS3 genearen -786T>C genotipoa zehaztuz, argininatik eratorritako metabolitoen errekanalizazio aurretiko mailak zehaztuz (dimetilarginina simetrikoa (SDMA), dimetilarginina asimetrikoa (ADMA) eta homoarginina (hArg)) eta funtzio endotelial sistemikoa ebaluatuz, iktusaren osteko lehen 72 orduetan ultrasoinu brakialarekin neurtu zen hiperfluxu bidezko basodilatazioaren bidez (HBB). Funtzio endotelialaz gain, TEBaren aurreko egoera inflamatorioa aztertu zen, zelula inflamatorioen zenbaketa osoaren zifren eta neutrofilo/linfozito ratio (RNL), neutrofilo/plaketa ratio (RNP), inflamazio inmune sistemikoaren indizea (SII) eta erantzun inflamatorio sistemikoaren indizearen (SIRI) bidez. Emaitza-aldagai gisa, EH erradiologikoa eta haren azpitipo infartu hemorragikoa (IH) eta hemorragia parenkimatosoa (HP) baloratu ziren ordenagailuz bidezko tomografia axialean (OTA) edo erresonantzia magnetiko nuklearrean (RMN), eta EH sintomatikoa eta Rankin eskala (mRS) puntuazioa 90 egunen buruan ere sartu ziren. Erregresio uni eta multibarianteen analisiak egin ziren, baita mediazio-analisiak ere.
Emaitzek erakutsi zutenez, -786TT NOS3 genotipoa zuten pazienteek 3 aldiz arrisku handiagoa izan zuten EHa izateko TEBaren ondoren.
Bigarrenik, nagusiago ziren iktus gaixoek pronostiko okerragoa eta DE handiagoa izan zuten, arginina metabolitoen mailen eta HBB neurrien arabera; SDMAren balioa emaitza kliniko txarraren prediktore independentea izan zen; eta SDMA metabolitoaren bidez ebaluatutako DEk bitartekari gisa jardun zuen adinaren eta 90 eguneko pronostikorik txarrenaren arteko elkartean, bi aldagaien arteko elkartearen %11,6 azalduz.
Eta hirugarrenik, EH sufritu zuten pazienteek TEBren aurreko SII eta RNL indizeen maila altuagoak eta linfozito maila baxuagoak erakutsi zituzten. Gainera, hArg metabolitoaren bidez neurtutako DEk, EH sintomatiko eta HP azpitipo EHren forma larriagoak agertzea ahalbideratu zuen.
Emaitza horiek, NO-endotelio bideak iktus iskemikoaren TEBri emandako erantzunean paper garrantzitsua betetzen duela dioen hipotesia babesten dute, bai EH arriskuan eta bai pronostiko funtzionalean. Eta iktusaren arretan medikuntza pertsonalizatu baterantz aurrera egiteko, genetika, biomarkatzaileak eta neuroirudia konbinatzen dituen hurbilketa terapeutiko multimodalaren balioa azpimarratzen dute.
