Biogipuzkoa Osasun Ikerketa Institutuko Onkologia Zelularreko taldeko ikertzaileek itu anitzeko konposatu bat probatu dute zelula-ereduetan glioblastomaren tratamendua hobetzeko, eta emaitza esperantzagarriak lortu dituzte. Aizpea Artetxe-Zurutuzak, Nerea Iturrioz-Rodriguezek, Joseba Elizazuk, Irati De Goñik, Alejandro Elua-Pininek, Veronica Moncho-Amorrek, Nicolás Sampronek eta Ander Matheuk parte hartu dute lan honetan, eta emaitzak argitaratu dira Cell Death & Disease nazioarteko aldizkari zientifikoan.
Minbizia da munduko bigarren heriotza-kausa, eta urtean 10 milioi heriotza eragiten ditu. Glioblastomaren kasuan, garuneko tumore ohikoena eta gaiztoena da helduen artean, lehenengo lerroko terapiarekin tratatzen da, lesioaren erauzketa kirurgiko maximoa barne, eta ondoren erradioterapia eta kimioterapia, Temozolomida medikamentuan oinarritua, eta Bevacizumab medikamentuarekin bigarren lerroan. Hala ere, tratamendu horrek onura txikia du, eta pazienteen batez besteko biziraupena 15 hilabetekoa da. Gainera, itu indibidualen aurkako terapiak ez dira eraginkorrak gaixotasun konplexuen aurrean, hala nola minbiziaren aurrean, hainbat faktore patogeniko baitituzte. Horregatik, azkenaldian, itu anitzeko molekula txikien garapena lehenesten ari da, itu terapeutiko batean baino gehiagotan jarduten dutenak. Hala, Institutuko ikertzaile-taldeak helburu anitzeko konposatuen familia batzuk sortu eta patentatu ditu, minbizian aktibo dauden prozesu biologikoak inhibitzeko, eta, bereziki, glioblastoman. Ideia horiek kontuan hartuta, lan honen helburuak honako hauek izan ziren: batetik, itu anitzeko konposatuaren tumorearen aurkako jarduera balioestea, in vitro eta in vivo glioma-zeluletan emaitza esperantzagarrienekin; bestetik, tumorearen aurkako jarduera testatzea, itu anitzeko eragileekin eta Temozolomidarekin konbinatuta; eta, azkenik, itu anitzeko konposatuaren tumorearen aurkako ekintzaz arduratzen diren mekanismo molekularrak identifikatzea.
Ikerketa-taldeak hainbat emaitza eta lorpen izan zituen lan horretan. Alde batetik, sintetizatu eta sortu egin zen molekula berri bat minbiziaren aurrean. Berritasun nagusia izan zen 5 itu konbinatu zituela, hau da, pentapotentea izan zela. Gainera, molekula berritzaile horrek tumorearen aurkako ekintza erakutsi zuen, hainbat bitartekoren bidez baliozkotua: zelulen bideragarritasuneko in vitro saiakuntzak, zelulen ugalketa eta apoptosia (zelulen heriotza); eta tumorearen hastapeneko eta garapeneko in vivo saiakuntzak, batez ere glioblastoman, baina baita beste minbizi mota batzuetan ere. Nabarmentzekoa da, halaber, molekula horrek IC50 txikia duela, hau da, dosi txikiekin funtzio biologikoak inhibitzen dituela; gliomako zelula amen aurrean eragina du; eta bere itu terapeutikoekin duen lotura oso indartsua da, gaur egun klinikan erabiltzen diren antzeko inhibitzaileek behatutakoa baino handiagoa. Azkenik, molekula berri honek eragin sinergikoa du Temozolomidarekin, gaur egun glioblastomaren aurkako kimioterapian erabiltzen den sendagaiarekin.
Beraz, emaitza horiek guztiek berresten dute molekula- eta zelula-mailan itu anitzeko konposatua erabiliz egindako tratamenduak duen onura, eta adierazten dute haren erabilera farmakologikoa, banaka edo egungo terapiarekin konbinatuta, estrategia terapeutiko berritzaile eta eraginkorra izan daitekeela glioblastoman. Gainera, emaitza horiek ebidentzia aurreklinikoak sortzen dituzte, glioblastoman estrategia terapeutiko gisa potentziala dutenak. Hala, hurrengo urratsak saiakuntza kliniko bat abian jartzen saiatzea izango lirateke, bere ekintza pertsonengan testatzeko.
Ander Matheu doktoreak, Onkologia Zelularreko taldeko arduradunak, azpimarratu duenez, “Institutuan duela 10 urtetik garuneko tumoreak ikertzeko egiten ari garen ildoari jarraitzen dio lan honek. Gaur egun, molekula berriak sortzea eta testatzea lehenesten ari gara, gaurko egunez ez baitago sendabiderik edo tratamendu eraginkorrik garuneko tumore ohikoenaren aurrean, hau da, glioblastomaren aurrean“. Gaineratu duenez, “Donostia Ospitaleko Neuro-onkologia Batzordeak eskaintzen digun laguntza eta babesa eskertu nahi dugu, garuneko tumoreei buruzko ikerketa-lerroa abian jarri zenetik lankidetza estua baitugu batzorde horrekin“.
Carlos III.a Osasun Institutuak Garapen Teknologikoko Proiektuen deialdian emandako laguntza baten bidez garatu ahal izan da lan hori.






