Biogipuzkoa Osasun Ikerketa Institutuko e-osasun taldeko eta Vicomtecheko Cristina Martin ikertzaileak parte hartu du, Vicomtecheko eta Deustuko Unibertsitateko ikertzaileekin batera, dieta pertsonalizatuak gomendatzeko sistemak hobetzen dituen ikerketa batean, adinekoei bideratua. Lan honen emaitzak nazioarteko foods aldizkari zientifikoan argitaratu dira.
Adinekoek dieta espezifikoak behar dituzte nutrizio-beharrak asetzeko. Era berean, jatetxe- eta catering-enpresek beren gustu eta lehentasunekin bat datozen menuak eskaini nahi dizkiete. Erabiltzaileen aukeraketak kontuan hartzen dituzten eta eskaintza haien gustuetara egokitzen duten gomendio-sistemak badaude ere, ez da garatu pertsona bakoitzaren behar espezifikoak kontuan hartzen dituen konponbiderik.
Lan berri honetan, metodologia berritzaile bat aurkezten da, ezaugarri desberdinetako biztanleentzako gomendio-estrategiak optimizatzeko. Baliabideak gomendatzeko aurreko ikuspegiek kontuan hartu ez badituzte ere kultura-lehentasunak eta adinean oinarritutakoak, lan honek erakusten du nola uler daitezkeen desberdintasun horiek kontsumitzaileentzako erakargarritasuna nabarmen hobetuz eta eskaintzen zaizkien aukerak hobetuz. Era berean, diseinu tradizionalaren (hasierakoa, plater nagusia eta postrea) eta pertsona bakoitzaren nutrizio-beharren araberako menuak aukeratzen laguntzen da. Emaitzarik onenak eman dituen gomendio-algoritmoa Deep-Q Network (DQN) izeneko algoritmoa izan da; % 71ko asmatze-maila izan du jatetxe-arloan zaletasun handia duten biztanleentzat (foodi bezala ezagutzen direnak), %65 barazkijale eta beganoentzat eta % 63 tradizionalagoentzat edo adinekoentzat.
Lan honen ondorio nagusien artean dago gomendio-sistemek aukera ematen dutela bezeroen gogobetetze-maila hobetzeko, merkatuaren eskaria nabigatuz eta pertsonen dietak eta nutrizioa hobetuz. Gainera, logika lausoko sistemak deiturikoek erraztu egiten dute menuak hautatzerakoan motibazio desberdinei erantzuten dieten populazioen karakterizazioa; horrela, populazioek datu errealak izan beharrik gabe nola jokatuko duten simula daiteke. Azkenik, eskaintza eta eskaria optimizatzeak hornidura-kateak optimizatzea eta elikagaien alferrik galtzea murriztea ere ahalbidetzen du. Horrela, OneHealth kontzeptua txertatzen da, non osasuna pertsonei ez ezik, ingurune natural osoari ere eragiten dion kontzeptu globala den. Beraz, lan honek pertsonen osasunean eta ongizatean eragiten du, dieta osasungarriagoetarako trantsizioa errazten baitu, norberaren gustuak edo lehentasunak alde batera utzi gabe.
Cristina Martinen hitzetan “Oso pozik gaude emaitzekin. Jatetxe- eta catering-enpresak gero eta gehiago eskatzen dira herritarren egunerokoan. Garrantzitsua da tresnak ematea, menuak diseinatu ahal izan ditzaten, bezeroen beharrak hobeto asetzeko, aukera osasungarriak emateko eta, azken batean, ondo eta aberats jateko “.
Lan honek AISEJAN Ikerketa eta Berrikuntza proiektuaren laguntza izan du. Proiektu hori Eusko Jaurlaritzak finantzatu du ZL-2023/00296 dirulaguntza zenbakiarekin. Gainera, lanaren egileek eskertu egin dute AUSOLAN sukaldaritzako profesionalek emandako laguntza, eta egindako lanagatik.





