María Rodríguez Hidalgo eta Javier Ruiz Ederra Biogipuzkoako ikertzaileek, Neuroendekapen Sentsorialeko taldeko kideak eta koarduradunak, hurrenez hurren, parte hartu dute RNA nuklear txikien mutazioek erretinosi pigmentarioa eragiten dutela deskribatzen duen artikuluan. Lan hau mundu osoko dozenaka ikertzaileren lankidetzaren emaitza izan da, eta emaitzak Nature Genetics nazioarteko aldizkari zientifiko ospetsuan argitaratu dira.

Erretinosi pigmentarioa (EP) jatorri genetiko eta endekapenezko gaixotasun kronikoen multzo bat da, erretinako distrofia hereditario bezala ezagutzen direnak. Bere ezaugarri nagusiak dira erretina pixkanaka endekatzen dela, eta erretina osatzen duten zelula nagusiak galtzen joaten direla. Sintoma nagusia ikusmen-zorroztasunaren gutxitze geldoa baina progresiboa da, lehenik gaueko ikusmenari eta eremu periferikoari eraginez. Sekuentziazio genetikoan aurrerapenak izan diren arren, EP duten pazienteen % 30-50ek diagnostiko molekularrik gabe jarraitzen dute. Neurri batean, zailtasun horren jatorria da zenbait gene, batez ere proteinarik kodetzen ez dutenak (RNA txikiek sortzen dituzten geneak, adibidez), ez direla errutinaz aztertzen.

Hala, azterketa berri honetan ikertu da splicing izeneko prozesurako (RNA funtzionala bihurtzeko prozesurako, alegia) funtsezko bi RNA motatan (U4 eta U6 izenekoak) dauden gene-aldaerek  orain arte diagnostikorik gabeko EP kasuak azal ditzaketen. RNA horiek aztertu ondoren, ikertzaile-taldeak ondorioztatu du EPak eragiten dituzten mutazioak U4 eta U6 elkarketetan eta RNA horiek erregulatzen dituzten proteinetan gertatzen direla. Ikertzaile-taldeak azaltzen duen bezala, lotura-eskualde hori kritikoa da, EParen kausa gisa ezagutzen diren proteinekin (PRPF31, PRPF3, PRPF8 proteinekin) zuzenean elkarreragiten duelako. “Hau da, U4/U6 eta proteina horiek konplexu funtzional bera osatzen dute: zati batek huts egiten duenean, EP garatzen da. Mutazio horiek akats sotil bat dakarte konplexu funtzional honen biogenesian, baina ez splicing-aren akats global bat” azaldu du ikertzaile-taldeak. Gaineratu dute “Argitalpen honek garrantzia izan dezake gure herritarrengan; izan ere, ikerketa-taldearen aurreko argitalpenetan erretinako distrofia hereditarioko paziente talde handi bat identifikatu dugu, splicing mekanismoa inplikatzen duten mutazioekin“.

Ikerketa honen ondorio gisa, nabarmentzekoa da aldaera horiek EP diagnostikorik gabeko kasu guztien %1,4 azaltzen dutela. Gainera, lan honetan lehen aldiz identifikatzen da splicing izeneko prozesurako funtsezkoak diren RNA ez kodifikatzaileek EP behin eta berriz eragin dezaketela, orain arte diagnostikorik gabeko kasuen proportzio esanguratsu bat azaltzen du, interes-puntu berri bat erakusten du, non ARN U4/U6 arkitekturari eragiten dioten mutazioak gertatzen diren; eta atea irekitzen die terapia molekular espezifikoagoei.