Urtero, maiatzaren 19an, Hesteetako Hanturazko Gaixotasunaren Munduko Eguna ospatzen da, besteak beste, pazienteek aurre egin beharreko erronken kontzientzia sortzeko. Donostia Unibertsitate Ospitaleak Hesteetako Hanturazko Gaixotasunaren Unitatea (HHG) du, eta GETECCUk (Crohn Gaixotasunaren eta Ultzeradun Kolitisaren Espainiako Taldea) bikaintasunarekin egiaztatzen du, asistentzia-kalitate gorena ziurtatzen duena. 2014an sortua, 1.000 paziente baino gehiago artatzen ditu, diziplina anitzeko ikuspegi pertsonalizatuarekin.

Horacio Alonso buru duen unitate klinikoak, Luis Bujanda doktorea buru duen Biogipuzkoa Ikerketa Institutuko gaixotasun gastrointestinalen taldearekin lankidetzan, gaixotasun horri buruzko hainbat ikerketa-lerrotan parte hartzen du, ENEIDA proiektuaren bidez (EIIko Azterketa Nazionala, Determinatzaile Genetiko eta Ingurumenekoei buruzkoa). ENEIDA 2005ean sortutako erregistro multizentrikoa da datu klinikoak eta lagin biologikoak biltzeko, eta funtsezko tresna da Espainian gaixotasun hau ikertzeko

 

Iaz azaldu ziguten bezala, ikerketa-lerro horiek balio dute gaixotasun hori hobeto ezagutzeko eta, horrela, haren tratamendua hobetzeko. Besteak beste, botikekiko erantzuna eta tratamendu horien ondorioak epe luzera iragartzeko baliagarriak izan daitezkeen faktoreak bilatzen dituzte, farmako horiek haurdunaldian izan dezaketen eragina, gaixotasunaren agerpena baldintzatzen duten ingurumen- eta dietetika-faktoreak aztertzen dituzte, bai eta gaixotasunaren bilakaera pazienteengan epe luzera aurreikusteko ere. Gainera, biomarkatzaile berriak bilatzen dituzte diagnostikoa hobetzeko eta Crohn gaixotasuna eta Ultzeradun Kolitisa bereizteko, horiek baitira gaixotasunaren bi azpimota handienak.

Aurten, taldeak hainbat artikulu argitaratu ditu nazioarteko aldizkari zientifikoetan, hesteetako hanturazko gaixotasunaren hainbat alderdi aztertzeko.

 

Taldeak aitortu digunez, “kontuan hartuta garatzen ari garen ikerketa-ildoen helburua dela gaixotasunaren diagnostikoa eta maneiua hobetzea, gogobetetze pertsonal handia da modu apal horretan hesteetako hanturazko gaixotasuna duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzen laguntzea“. Hala, espero dute “tratamenduei emandako erantzunaren eta epe luzera izan dezaketen eraginaren kasuan, biak aurreikusteko balio duten faktoreak ezagututa, paziente bakoitzarentzako tratamendurik egokiena ahalik eta lasterren eman daitekeela. Horri esker, gaixotasunaren agerraldiak gutxitu daitezke, eta, beraz, hesteetako hanturazko gaixotasuna duten pertsonen bizi-kalitatea hobetu.

 

Espero dugu datozen urteetan gaixotasun honen ezagutzan aurrerapen berriak zabalduko ditugula.