Antipsikotikoen erabileran desberdintasunak ikusi dira maila sozioekonomikoaren arabera, bai populazio orokorrean, bai dementzia duten pertsonetan.
Gipuzkoako 60 urtetik gorako 221.777 pertsonaren azterketak erakutsi du maila sozioekonomiko baxuko pertsonen artean antipsikotikoak jasotzeko aukera handiagoa dagoela
Tratamendu ez-farmakologikoen eskaintza handitzeak antipsikotikoen erabileran dagoen ekitate eza murrizten lagun lezake
Biogipuzkoa Osasun Ikerketa Institutuko Gaixotasun Kronikoen Ebaluazio Ekonomikoko taldeak gidatutako ikerketa batek agerian utzi du dementzian antipsikotikoak erabiltzearen eta maila sozioekonomikoaren arteko lotura. Javier Mar, Uxue Zubiagirre, Igor Larrañaga, Myriam Soto-Gordoa, Lorea Mar-Barrutia, Ana Gonzalez-Pinto eta Oliver Ibarrondo (IIS Biogipuzkoa, IIS Bioaraba, Biosistemak eta Mondragon Unibertsitatea) arduratu dira lan horretaz.
Antipsikotikoak asko erabiltzen dira adineko pertsonetan, sintoma neuropsikiatriko eta dementziarekin lotutako jokabide disruptiboen prebalentzia handia dagoelako. Erabilera desegokiari buruzko kezkak bultzatuta, gobernuaren txostenek arriskuez ohartarazi dute, eta dementziaren sintoma jokabidezko eta psikologikoetarako erabilera murriztea gomendatu dute. Maila sozioekonomikoaren arabera erabileran ere ezberdintasunak ikusi dira, eta hezkuntza mailarekin gradiente bat aurkitu da antipsikotikoen erabileran bai populazio orokorrean eta baita dementzia duten pertsonetan ere. Antipsikotikoen indikazioan dauden desberdintasunen azterketa sakona egiteko aldagai gehiago hartu behar dira kontuan, hala nola sexua, adina eta komorbilitate somatiko eta psikiatrikoak.
Gipuzkoako Lurralde Historikoko 60 urtetik gorako 221.777 pertsonen datuak erabili dira populazio-azterketa honetan eta aurkikuntza nagusiak izan ziren antipsikotikoen erabilera-tasa altuak eta maila sozioekonomiko baxuko pertsonen artean halako botikak jasotzeko aukera handiagoa. Antipsikotikoen erabiltzaileen ehunekoa %2,9tik %6,7ra igo zen maila sozioekonomiko altutik maila sozioekonomiko baxura, eta %39,8ra dementzia duten pertsonetan. Desberdintasun horren azalpena izan daiteke antipsikotiko atipikoak erabili ohi direla pertsona behartsuetan, dementzian izaten diren jokaera desafiatzaileen aurrean lehen lerroko erantzun bezala. Bitartean, familiak arduratzen direnez etxeko zaintzak antolatzeaz, diru sarrera maila handiagoak ahalbidetu dezake zaintzari lotutako ondoeza murriztea eta antipsikotikoen erabilera atzeratzeko beste laguntza batzuk lortzea.
Ikerketaren ondorio nagusia da maila sozioekonomiko baxuko pertsonen antipsikotikoen erabilera- eta instituzionalizazio-maila handiagoek adierazten dutela ekitate falta dagoela dementziarekin lotutako sintoma neuropsikiatrikoak maneiatzean. Osasun publikoaren sisteman tratamendu ez-farmakologikoen eskaintza handitzeak antipsikotikoen erabileran dagoen ekitate eza murrizten lagundu lezake.
Emaitza horiek “Disease Disparities by Socioculteconomic Status and Diagnosis of Dementia in the Prescribing of Antipsychotics in a Real-World Data Population Over 60 Years of Age” artikuluan argitaratu ziren, “Journal of Alzheimer’s” nazioarteko aldizkarian. Artikulu horren hasierako on line bertsioa argitaratu zen, aurkikuntzak zehazten dituena, eta aldizkari horren 100. alean, 2. zenbakian, argitaratu ziren 2024ko uztailaren 16an.





