Bularreko Minbizia Ikertzen duen GEICAM Taldeak, Cantargia konpainia suediarrarekin lankidetzan, TRIFOUR saiakuntza klinikoa jarri du abian. Saiakuntza horrek nadunolimab antigorputzaren eta kimioterapiaren arteko konbinazioa ebaluatzen du, bularreko minbizi hirukoitz negatiboaren azpimotari aurre egiteko. Horren bidez, emaitza positiboak lortzen ari dira beste minbizi batzuetan, hala nola pankrearen eta zelula ez txikien biriken minbizietan (ez mikrozitikoa).
Azterlana Madrilgo Gregorio Marañón Unibertsitate Ospitale Orokorreko Onkologia Medikoko Zerbitzuko Sara López-Tarruella doktoreak, Nafarroako Unibertsitate Klinikako Bularreko Minbiziaren Arloko arduradun Marta Santisteban doktoreak eta Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuko Bularreko Minbiziaren Taldeko ikertzaile arduradun María Muñoz Caffarelek koordinatu dute.
Pazienteak sartzeko prozesuarekin hasi den saiakuntzan Espainiako 24 zentrotan 113 paziente inguruk parte hartuko dutela uste da. Hasiera batean, azterketa konbinazio horren segurtasunean oinarrituko da, baina biomarkatzaileak ere ebaluatuko dira, eta II. fasean, eraginkortasunaren lehen zeinuak ere. Lehen zatia 6-9 hilabeteko epean osatzea espero da.
TRIFOUR ikerketaren berritasuna da diana terapeutiko berri bat ikertzen ari dela kimioterapiatik haratago ia tratamendu-estrategiarik ez duen bularreko minbiziaren azpimota erasokor hau duten pazienteentzat.
Bularreko minbizi hirukoitz negatiboak interleuzina-1 (IL1RAP, ingelesezko sigletan) hartzailearen proteinaren maila handiagoak adierazten ditu, eta horretara bideratzen da aztertutako terapia.
TRIFOUR ikerketa, gainera, ikerketa translazionalaren adibide bat da, pazienteen laginak aztertzen dituena tumorearen biologia ulertzeko, eta bularreko minbizi hirukoitz negatiboaren «ekosistema» ezagutzen lagunduko duena.
Informazio gehiago: GEICAM-en prentsa oharra (Gazteleraz).





