Martxoaren 12an glaukomaren Mundu-Eguna ospatzen da. Hori dela eta, gure Institutuan gaixotasun hori nola ikertzen den jakin nahi izan dugu eta Iñaki Rodriguez Aguirrecherengana, Neuroendekapen Sentsorial taldeko kidearengana, jo dugu gaixotasun honen ikerketari buruzko zehetasunak ezagutzeko.

Glaukomaren zer alderdi ikertzen dituzue?

Gaur egun, glaukoman ikertzeko bi proiektu ditugu zabalik Biogipuzkoan: MIRNA eta BTIIMD-02. MIRNA proiektua Ikerbasque, UPV/EHU eta Polymat-ekin lankidetzan ari gara, eta begi-ehunetako microRNAk identifikatzean datza. MicroRNAk RNA txikiak dira, eta gene batzuen adierazpena erregulatzen dute, eta prozesu fisiologiko eta patologiko desberdinetan parte hartzen dute. Identifikatuz gero, gaixotasuna sakonago ezagutuko genuke, eta gaixotasun horrentzako tratamendu berriak garatuko lirateke. Bigarren proiektua, BTi enpresarekin lankidetzan egina, entsegu kliniko bat egitean datza, glaukoma duten pazienteen begi lehorraren tratamenduan, hazkunde faktoreetan aberatsa den plasma autologoak (PRGF) sodio hialuronatoaren aurrean duen eraginkortasuna baloratzeko. Begi lehorra prebalentzia handiko patologia da glaukoma duten pazienteetan, eta, batez ere, glaukomatosaren aurkako kolirioak modu kronikoan jarri behar direlako gertatzen da.

Zertan hobetu dezakete ikerketa horiek pertsonen bizi-kalitatea?

Ikerketa funtsezkoa da gaixotasun baten alderdi guztiak ulertzeko, bai kausak eta mekanismoak, bai diagnostikoa, eta, batez ere, tresna terapeutiko berriak garatzeko. Gaixotasuna sakonago ezagutuz gero, pazienteek bizi-kalitate hobea izango dute, ezinbestean.

Ez dugu ahaztu behar glaukoma dela gure inguruan itsutasuna eragiten duen bigarren arrazoia, eta patologia kronikoa denez, bizi-kalitatean eragin nabarmena izan dezakeela, bereziki fase aurreratuetan.

Zer sentitzen duzue horrelako ikerketak egitean?

Osagarri ezin hobea da gure asistentzia-jarduerarako. Edozein medikuk egiten dizkio galderak bere buruari bere praktika klinikoan. Galdera horiei erantzuteko modu bat da ikerketa, eta, nolabait, gure lanean sakontzeko modu bat.