María Muñoz Caffarel, Biogipuzkoa Osasun Ikerketa Institutuko Bularreko Minbiziaren Taldeko arduraduna eta Ikerbasque ikertzailea.

Berriki, BBVA Fundazioak Leonardo 2023 bekak jaso dituzten proiektu zein ikertzaileen izenak aditzera eman ditu. Beka horiei esker, zientzia eta kulturaren arloko hamar arlotan oso berritzaileak diren 58 proiektu aurrera eramatea posible izango da. Banakako proiektuak dira, euren karreren une erabakigarrian dauden ikertzaileek eta sortzaileek garatuak izango direnak Leonardo bekari esker.

Bekak esleitzeko prozesuan, ebaluazioa ospe handiko adituek egin dute. 2023ko edizioan 58 proiektu hautatu dira aurkeztutako 1.116 proiektuen artean, hau da, % 5eko arrakasta-tasa izanik, deialdiaren lehiakortasun handiaren adierazle.

María Muñoz Caffarelek, Biogipuzkoa Osasun Ikerketa Institutuko Bularreko Minbiziaren Taldeko arduradun eta Ikerbasque ikertzaileak, Fundazioak Biologia eta Biomedikuntzaren arloan emandako 6 beketako bat lortu du, arlo horretan parte hartu duten 273 eskatzaileetatik. Biogipuzkoa OIIko ikertzaile batek lehen aldiz lortu du beka entzutetsu horietako bat.

Caffarel doktoreari emandako 40.000 euroko bekari esker, OSM zitokinak bularreko minbizi aurreratuan duen zereginari, tumore-immunitatearen erregulazioan duen inplikazioari eta potentzial terapeutikoari buruzko proiektu bat egin ahal izango du.

Ekimen honek bularreko minbizian immunoterapiekiko erresistentzia-mekanismoak ulertu nahi ditu eta, aldi berean, bularreko minbizi metastasiko kasuetan anturazko joera duten zitokinak blokeatzean oinarritutako estrategia terapeutiko berriak diseinatzea ahalbidetu nahi du. Besteak beste, makrofagoen, tumoreari lotutako fibroblastoen eta tumore-zelulen arteko mikro-giro tumoralean sortzen diren konexioak bereizi ditu taldeak. Lotura horiek gaiztotasuna eragiten dute, Oncostatina M (OSM) izeneko zitokina baten bidez. Prozesu hori funtsezkoa da bularreko minbiziaren eta haren metastasiaren progresiorako. Proiektu honek komunikazio-prozesu horren azterketan eta Oncostatina M-ren zereginean sakonduko du.

 

Zorionak María!

 

Informazio gehigarria

BBVA Fundazioaren webgunean (www.fbbva.es) eta Leonardo Sarearen mikrositean (https://www.redleonardo.es/), gainera, honako informazio hau dago arloka:

  • Arlo bakoitzeko bekadunen zerrenda
  • Arlo bakoitzeko ebaluazio-batzordeen osaera